02 AGO. 2020 LANALAND, EUSKAL ARTILEA AINTZAT HARTZEKO MUGAZ BI ALDEETAKO PLANA Artilea arazo bilakatu da artzainentzat, hondakina den heinean hondakin gisa tratatu behar baita eta horrek gastuak baitakartza. Mugaz bi aldeetako Lanaland egitasmoaren egiteko nagusia artilea balioztatu eta aterabideak eskaintzea da. Datozen bi urteetan ikerketa eta formakuntza ere sustatuko dituzte. Haritz Larrañaga Euskal Herri osoko artzainak kontuan hartzen dituen mugaz gaindiko Lanaland egitasmoak bi helburu nagusi ditu: batetik, egun hondakin gisa tratatu behar den artileari balio erantsi bat ematea eta, bestetik, artile horri aterabideak eskaintzea. «Ez dezatela nekazariek ordaindu behar izan beraien artileagatik, baizik eta lehengai gisa dirua jaso dezatela», horrela laburbildu du Iurre Peñagarikanok, Urola Kostako landa eremuen garapenaren alde lan egiten duen Urkome elkarteko gerenteak, Lanaland egitasmoak duen zio nagusietako bat; alegia, artzain eta nekazariek dirurik ez galtzea, eta, ahal bada, artileari etekina ateraz sos batzuk irabaztea. Egitasmoaren kudeaketa Neiker (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua) egituraren esku dago eta, mugaz bi aldeetako proiektua den heinean, Bidasoaren bi aldeetako elkarteak eta erakundeak ari dira elkarlanean. Horrela, Urola Kostako Urkome elkartea (Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko landa garapenerako elkarteak ordezkatuz), Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera, Elkober (Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera), Pau eta Aturri aldeko Unibertsitatea eta Latxa Esnea Kooperatiba elkarlanean ariko dira gutxienez 2022. urtera bitartean, adar desberdinak dituen egitasmoa lantzen, bakoitza dagokion eremuan. Egitasmoak, gainera, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren dirulaguntza eskuratu du, Poctefa programaren bitartez. Hondakina baino, lehengaia Artzainek gutxienez urtean behin edo bitan mozten diete ilea ardiei eta artile horrek aterabiderik ez duenez, gastu erantsi bilakatzen da. Gipuzkoako artzainek, esaterako, Euskal Erkidegoko beste artzain askok bezala, artile soberakina Nafarroako Artaxoa herrian dagoen Ecofert enpresara eraman behar dute, eta han artile soberakinarekin konposta egiten da. Gastuak beren poltsikotik ordaindu behar dituzte; izan ere, artilea hondakin bat den heinean, ezin da erre, lur azpian ezkutatu edo edozein edukiontzitan bota. Landaola Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkartea arduratzen da, eskualdeka antolatuta dauden landa eremuen garapenaren aldeko elkarteekin elkarlanean, artile bilketa egin eta konposta egitera eramateaz. Hasiera batean, abeltzainek artileagatik diru bat jasotzen zuten; gero, errentagarria ez zenez artileak balioa galdu zuen, baina artile bilketa egiten jarraitzen zen. Duela hiru urte artilea doan biltzen zen; hau da, abeltzainek ez zuten dirurik jasotzen, baina gasturik ere ez zuten. Duela hiru urtetik ona, ordea, artile bilketak gastu bat dakarkie artzainei, eta, gainera, urtero handitu egiten dela salatzen dute abeltzainek. Ondorioz, hautsak harrotzen hasi da artilearen auzia. Urkome elkarteko gerentearen esanetan, «gaur egun animalia jatorriko hondakina da artilea, eta, beraz, horri dagokion araudiaren arabera jardun behar dute baserritarrek, baina guretzat ez da hondakina, lehengaia baizik». Horregatik, Lanaland egitasmoaren helburu nagusietako bat artilea balioztatzea da. Hondakin izaera izatetik lehengai izatera iragaten bada, abeltzainen arazoa asko murriztuko baita eta, aldi berean, etorkizunera begira aterabideak aurkitzeko lehen urratsa izan daiteke. Artilea biodegradagarria da, hezetasuna xurgatzen du, isolatzaile eraginkorra da, bai hotzetik babesteko (hainbat ezaugarri termiko dituelako), bai zaratatik babesteko. Mikrobioetatik babesteko ere baliagarria da. Baina Euskal Herriko ardien kasuan bada beste arazo bat; izan ere, ardien %90 latx arrazakoak dira, eta horien artilea lantzeko zaila da. Hortik datorkio izena; hau da, «latx» hitza «latz» hitzetik dator, halakoa baita ardi latxaren artilea, latza, lodia eta lantzeko zaila. Hala ere, ardi latxak aterabideak badituela frogatzen duten hainbat proiektu gauzatu dira dagoeneko, eta, hain zuzen ere, Lanaland egitasmoaren egiteko bat artile latxari aterabidea ematen dioten enpresei sostengua eskaintzea da. Lanaland egitasmoaren sustatzaileek jada martxan diren proiektuen arduradunekin lankidetza bultzatu nahi dute. «Osagarri bat izan, helburua egonkortzeko», esan du Lea Cledonek, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberan enpresekin harremanak landu eta garapen iraunkorra sustatzeko arduradunak. Iurre Peñagarikanok&eot;azald duartil&eot; latari gaur egun ematen zaion aterabidea oraindik oso urria dela eta arazoa bere osotasunean ikusi behar dela. «Ehungintza eta antzeko irtenbideak oso ongi daude, guk lagundu eta &eot;stengatu egin behar ditugu, baina horretara bideratzen den artile kopurua oso txikia da eta guk saiatu behar dugu alternatiba artile guztiari eta ekoizle guztiei eskaintze&eot; irtenbide orokor bat topatu behar dugu», nabarme&eot;d du Urkomen elkarteko kudeatzaileak. Artile latxa ongarri natural bilaka daiteke, ehungintzarako ere balio du, baita plastikoaren erabilera ekiditeko ere. Eremu horietan jada martxan diren egitasmoak sostengatzen eta artileari aterabide berriak emateko aukerak ikertzen ari dira Lanaland proiektuko eragileak. Horrekin batera, ekoizleei eta artilea erabiltzen duten enpresei aukera desberdinen berri emateko formakuntza saioak eskainiko dituzte. Proiektuaren sustatzaileen iritziz, ekonomia zirkularraren irizpidea oinarri hartuta jardutea garrantzitsua da eta, irizpide horri jarraituz, produktu egonkorrak ekoiztera bideratuta egongo dira egingo dituzten ikerketak eta formakuntza saioak. Artile latxaren balioa Euskal Herri osoan milioi bat ardi daude. Horietatik 250.000 Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban daude; beste 250.000 ardi, Nafarroan, eta Ipar Euskal Herrian milioi bat ardi daude. Ardi bakoitzak batez beste 2,5 kilo artile ematen dituela kontuan hartuta, gutxienez 2.500 tona artile sortzen da, eta ia guztia hondakin gisa tratatzen da, bestelako gauzak egiteko (ehungintza, isolatzaileak, eta abar) erabiltzen den kantitatea oso txikia baita. Aitzitik, ardi-moztaileak oso gutxi dira eta udaberrian lanez lepo izaten dira. Martxoan hasten dira, baina batez ere maiatz eta ekainean izaten dute lan gehien, eta artzain batzuek neguan bigarren artile mozketa egiten dute. Joseba Attard Bizkaiko Ea herrian bizi da eta Belarronako ardi-moztailea da. Zeelanda Berriko metodoa erabiltzen du; hau da, artile guztia pieza bakar batean mozten du makinarekin. Ardiaren hankak lotu gabe egiten du artile mozketa eta, esan bezala, ez du zatika mozten; hortaz, amaitzean artile guztia pieza bakar batean ateratzen da. Beraz, oso ongi ezagutzen du ardi latxaren artilea. Attardek gehienbat mutur beltzekin egiten du lan, baina ardi latx mutur gorria ere ezagutzen du, nahiz eta bere bezeroen artean gutxiengoa izan mota horretako ardiak dituztenak. Guztira, bost ardi latx mota daude eta bi horiek dira ohikoenak. Euskal Herrian ardiak esne produkziorako erabili izan dira. Alegia, jateko bildotsari eta ehungintzarako artilea ekoizteari ez zaio balio handirik eman, baina ardi latxak ezaugarri onak dituela dio Joseba Attard ardi-moztaileak. «Etxean isolatzaile gisa erabiltzen dut, baita ortuan ere, piperren edo beste edozein barazkiren ilaran jartzen dut eta horrela barraskiloak eta antzekoak landarera igotzea ekiditen dut», argitu du Attardek. Sasoi batean artileak izan zuen balioa gogoratu du ardi-moztaileak: «Pentsa, hein handi batean artileari esker eraiki zuen bere inperioa Persiak; oraindik oso famatuak dira moketa persiarrak, eta hemen ere balio handia zuen garai batean, baserritarrek artilearekin ordaintzen zuten errenta, baina egun inork ez du nahi». Baserritarrek moztutako artilea eskaintzen diote ardi-moztaileari, baina hark ezin dio aterabiderik eman halako artile kantitateari. «Haientzat arazo handia da, zeren garbiguneetan ez dute artilerik nahi, makinak trabatzen dituelako», adierazi du Attardek. Ardi latxa lantzen Zuntz sintetikoa eta Merina artilea dira egun ehungintzan erabiltzen diren material nagusiak; hortaz, artile latxak ez du aterabide handirik ehungintzan, baina badira maila profesionalean ardi latxa lantzen duten enpresak Euskal Herrian. Esaterako, badira Muturbeltz enpresa Karrantzan (Bizkaia) eta Iletegia Saran (Lapurdi). Ardi latxaren ilea landu ezina zela esaten zieten Sarako Iletegia enpresako kideei, latxaren ilea ohikoa baino lodiagoa baita; alegia, zuntz lodia duenez, berau maneiatzea zailtzen du. Aña Andiazabalek eta Aitor Zubillagak, ostera, aterabidea eman nahi izan zioten lekuko ardien ileari eta indar guztiak horretara bideratu zituzten. Artilea lantzeko makina bat erosi zuten Alsazian eta Sarara ekarri zuten. Egokitzapenak egin zituzten bertako Manex ardien (ardi latx burubeltza) ilea lantzeko, eta ezinezkoa zela zirudiena posible egin zuten. Lapurdin eta Nafarroa Behereko lau etxaldeetatik eskuratzen dute artilea. Buruko 1,20 euro ordaintzen dizkiote artzainari eta artile hori makinaren bidez prestatu ostean hainbat produktu ekoizten dituzte, hala nola, eskuz egiten dituzten koltxoiak, arropak, sokak, burkoak, poltsak, espartinak, bai eta musean aritzeko tapizak ere. Datorren irailetik aurrera saltokietan eskuragarri izango den Ternua markako jaka isolatzaile bat egiten ere parte hartu zuten Iletegiako langileek. 2020ko otsailean aurkeztu zuten, Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen departamenduaren laguntzarekin, Ternua markak diseinaturiko “Artile Jacket” jaka isolatzailea. Euritik eta haizetik babesteko jaka egiteko, Iletegia eta Muturbeltzeko langileekin elkarlanean aritu ziren Ternua markako arduradunak eta emaitza arropa dendetan eskuratu ahal izango da irailetik aurrera. 400 gramo pisatzen dituen jakak 229,95 euroko prezioa izango du. ATERABIDE GUTXI Ardi bakoitzak batez beste 2,5 kilo artile ematen ditu. Euskal Herrian urtero gutxienez 2.500 tona artile sortzen da eta zati txiki bati bakarrik ematen zaio aterabidea.