07 AGO. 2020 JOPUNTUA Oporrak lasai eta polito Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Martxotik hona zutabeotan gai zeharo ezberdinak jorratu baditut ere, guztietan, modu batean edo bestean, pandemiaren aztarna sumatzen da. Ezin dugu esan egunerokotasuna monotonoa izaten ari denik, ezta gutxiago ere, baina izaki mikroskopiko madarikatua gure bizitzen zirrikitu guztietatik sartzen da. Berritasunen beharrean bagaude ere, gai agorrezina da. Udako oporrak baldintzatu ditu erabat, ez gara ausartu leku urrutietara joaten, eta gertuko eta azken orduko plan laburrak gailendu dira. Aurten gutxiago galdetu diogu elkarri zeintzuk diren gure asmoak, agian erantzunetan ez delako plan borobilik espero, ezta fantasiazko bidaiarik ere. Erritmoa jaitsita, uda perfektua izatearen beharra eta zama arindu zaigu. Pandemiak bat-bateko aldaketa ugari ekarri ditu, nagusienak gaixotasuna eusteko neurriek bultzatuak. Argiak dira teknologien erabileran, gizarte-harremanetan, kontsumoan, lan baldintzetan edo garraio ereduan izandakoak. Horien guztien alde ilunak pairatu ditugu; aitzitik, badirudi ingurumenarentzat onuragarriak izaten ari direla guztiak. Espero izatekoak dira egiturazko beste aldaketa batzuk, esaterako, baliteke gizartean onarpen handiagoa lortzea aspaldiko zenbait proposamenek: denbora gutxiago lan egiteak, kontziliazio neurriek edo naturarekin konektatzeak. Aipaturiko aldaketa guztiek badute komunean abiaduraren moteltzea. Bada, behintzat, ikuspuntu berritzailea abiadura handitzeko obsesioan murgilduta baikaude. Azkarrago aurrera egiteko nahia garraioan ez ezik, ekoizpenean ere izaten da. Giza jarduera guztietan gero eta efizienteagoak eta eraginkorragoak izatean tematuta gaude. Ironikoki, azkarrago joan arren, ez dugu bidaiatzen denbora gutxiago ematen. Zergatik? Bada abiadura distantzia luzeagoak egiteko aprobetxatzen dugulako. Produktibitatean beste horrenbeste: gehiago ekoiztu, lanorduak murriztu ordez. Aukera ez da inolaz ere kaltebakoa; efizientzia handituz energia, osasun eta gizarte kostua handitzen dugu. Aurten opor motela eta bertatik bertarakoa ez da aukera txarra! Aipaturiko aldaketa guztiek badute komunean abiaduraren moteltzea. Bada, behintzat, ikuspuntu berritzailea abiadura handitzeko obsesioan murgilduta baikaude