EDITORIALA
EDITORIALA

Zaldibarkoaren ardura politikoen garaia iritsi da

Zaldibarren lanean ari den erreskate taldeak tibia bat topatu zuen igandean. Atzo, hezur arrasto gehiago eta ehungintza materiala aurkitu zituzten inguru horretan. Gorpuzkiak desagertutako bi langileetako batenak izan litezke. Hala ere, topatutako arrastoak aztertzen ari dira eta egun batzuk beharko dituzte identifikatu ahal izateko. Aurkikuntza horrekin neurri batean bilaketa-eremua mugatuago geratzen da. Hala ere, hogeita hiru metroko sakoneran aurkitu dira, eta horrek, berez, zabortegiaren kolapsoaren neurria adierazten du, baita egiteko gelditzen den lanaren tamaina ere.

Berrehun egunetik gora behar izan dute erreskate taldeek Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen gorpuen lehenengo aztarnak topatzeko. Itxaronaldi oso luze eta ziurgabetasunez betea izan da, eta hori oso gogorra gertatzen da familia eta lagunentzat. Igandeko aurkikuntzak bilaketa fasea laster amaitu daitekeen itxaropen txiki bat ireki du. Hainbeste denbora igaro ondoren, azkenean beren senideei agurra eman ahal izango dietela ematen du. Horrela, senideek ziurgabetasun-fase hori itxi ahal izango dute. Ezerk ez du arintzen maite den pertsona bat galtzeak dakarren oinazea eta mina, baina desagertutakoaren bilaketari amaiera emateak gutxienez atseden txiki bat ekarriko dio familiari.

Bi langileen gorpuen erreskatea aurrera doa. Balizko ardura penalak argitzeko bide judiziala ere martxan dago. Ardura politikoen atalean, aldiz, ez da oraindik inolako mugimendurik antzeman. Ardura penalak egon ala ez, ardura politikoak egon badaude. Administraziotik zabor kudeaketarako eraikitako sistema kolapsora iritsi da Zaldibarko zabortegiarekin batera eta hori bere garaian antolatu zutenek –lankidetza publiko-pribatu forma emanez– eta egun kudeatzen dutenek –Iñaki Arriolaren gidaritzapean– erantzukizun politikoa beren gain hartu beharko dute. Aurpegia emateko garaia iritsi da.