IAZ BEZAINBESTE TURISTA IBILI DA AURTEN IPAR EUSKAL HERRIAN
Lapurdiko kostaldeko kale eta hondartzak turistaz beteta daude, iaz bezalaxe. Barrualdean, alkateek bisitari kopurua handitu dela diote. Datuek pertzepzioak baieztatu dituzte: abuztuko lehen hamabostaldian turista kopurua kasik iazko berbera izan da.
Lapurdiko kostaldean 200.000 eta 250.000 bisitari artean dabiltza egunero aurtengo udan. Aldi berean, barnealdean nabarmen egin du gora bisitari kopuruak, bi eremuon arteko alde handia murriztuz. Euskal Herri eta Bearnoko Turismo Erakargarritasun eta Garapenerako Agentziak atzo eman zituen datuek ahoz aho zebilen zurrumurrua baieztatu dute: turista asko ibili da gurean. Ipar Euskal Herria iazko kopuruetara iritsi da abuztuko lehen hamabostaldian. 2019a turismorako urte ona izan zela gogoratu behar da.
Hori bai, etortzerik izan ez duten atzerritarren ordez aurten frantziar Estatuko bisitariak etorri dira nagusiki. Hexagonotik kanpoko bisitarien jatorri nagusietako bat espainiar Estatua da. Zenbakiek ez dute adierazten zehazki nondik etorri diren, baina argi dago kopuru handi bat gainerako euskal herrialdeetatik iritsi dela.
Koronabirusaren presentzia txikiagoa izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan. Birusari aurre egiteko neurriak ere leunagoak izan dira. Hori argi antzematen da Bidasoa zeharkatutakoan, sentsazioaz gain maskara gutxiago ikusten baita. [Koronabirusaren egoeraren berri izateko, irakurri 5. orrialdean Osasunaren Eskualdeko Agentziaren arduradun Maritxu Blanzacori egindako elkarrizketa].
Bi estatu horietako bisitariek ez ezik, gora egin dute Suitzatik etorritakoek ere. Alemanak, britainiarrak eta belgikarrak ere etorri dira, baina gutxiago. Atzerriko turisten jaitsiera %42koa izan da, eta frantziarren gorakada %15ekoa izan da. Bertan igarotzen duten egun kopuruak pertsona kopuruaren galera deuseztatzen du.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduan egoera berdintsua izan da. Han ere Hexagonoko eta hortik kanpoko turisten arteko konpentsazioa antzematen da. Gainera, lehenengo bisitariak ohi baino lehenago iritsi zirela azpimarratu behar da; uztailaren 11rako, hain zuzen ere.
Urtea berdintzeko nahikoa lan ez
Jakina, garai honetako datuak oso onak izan arren, pandemiak udaberrian eragin zuen defizita berreskuratzea ezinezkoa izango da. Bestetik, Ipar Euskal Herrian igarotzen duten egun kopuruaren hazkundeaz gain, landa-eremuan eta mendialdean bisitarien maiztasuna handitzea eta goi-denboraldia luzatzea alderdi positibo gisa nabarmendu daitezke.
Aurrera begira, turismo arloko arduradunek abuztuaren 22tik aurrera jaitsiera gertatuko dela aurreikusten dute, ikasturtearen hasiera hurbiltzen den heinean jendea etxera itzuliko delako. Gertuko turistek, ordea, bertan jarraituko dute.
Irailera begira, aurreikuspenak zalantzazkoak dira. Etxebizitzetan ostatu hartzea proposatzen duen Gîtes sareari begiratuta, lehendabiziko hamabostaldian erreserba %80koa bada, bigarrenean %70era jaisten da. Gainerako ostatuen kasuan, erreserbak ez dira %30era heltzen. Edonola ere, pandemiaren ondorioz eta uztailean gertatu zen bezala, arduradunen ustez, erreserbak ez dira azken unera arte egingo.