GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROLA

Naiz Irratian den-dena prest Tourreko etapa guztien zuzeneko jarraipena egiteko

Covid-19aren pandemia dela eta, uztailean beharrean, abuztu eta irailean lehiatuko da 2020ko Frantziako Tourra. Larunbatean abiatuko da tropela Nizatik eta 21 etapa egin ostean (irailak 20) iritsiko da Parisera. Guztira, 3.470 kilometro, tartean Alpeak eta Pirinioak, jakina, eta Naiz Irratiak zuzenean eskainiko ditu etapa guzti-guztiak. Iñigo Asensio kirol kazetariak gidatuko du saioa eta hainbat aditu izango ditu ondoan.

naiz

Iazko bideari jarraiki, aurten ere Iñigo Asensio kirol kazetariak egingo du Frantziako Tourraren kontaketa Naiz Irratian. Pasa den edizioan, birako azken 10 etapetan zuzeneko emisioa egin zen eta aurten, aldiz, lasterketa osoarena. Asensiok aditu kolaboratzaile talde bat izango du lagun: Ainhoa Artolazabal txirrindulari ohia eta egun entrenatzailea, Iñaki Arratibel kirol medikua, Leire Olaberria eta Asier Maeztu txirrindulariak, Joseba Iturria GARAko kazetaria, eta Tropela Elkarteko Egoitz Lizaso.

Tropela Elkarteak ere parte hartze berezia izango du eta, besteak beste, egunero egingo da bere kinielen errepasoa. Aurtengo ez-ohiko egoera delarik, Naiz Tour jokorik ez da egongo, bai ordea Tropelako lehiaketa hau gertutik jarraitu eta berarekin gozatzeko aukera.

Pandemiak behartuta ere, iaz bezala etapak Zurriolako Naiz Gunean ikustea guztiz ezinezkoa izango da. Irratiak, ordea, lana biderkatuko du. Etapa lauak direnean 16:00etan hasiko da kontakizuna. Gainerakoetan, 15:30etik aurrera.

Txirrindularitza etapak kontatzeko esatari lanetan eskarmentu handia du Asensiok. Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa…«Izugarri gustatzen zait estetikoki txirrindularitza kontakizuna» esan du tolosarrak Naiz Irratian. Euskal Herrian zaletasun handia dagoela eta jendeak kirol honetaz asko dakiela aurretik jarrita, «ez da nahikoa beste herrialde batzuetan bezala kontatzea», adierazi du esatariak.

Horretan sakonduz, «zaletuarekin konektatu egin behar da eta ahalegina eskatzen du horrek. Informazio pila bat eduki behar da momentuan eta ordenatuta. Baina lan hori egitea asko gustatzen zait. Speaker lanetan ez bezala, zorionez, irratian ordenagailuaren babesa daukagu. Kontua da hemen ez dela nahikoa gutxi gorabeherako kontakizun bat egitea. Zuk arnasa hartzerako zaletuek ikusi baitute xehetasunik txikiena ere».

Naiz Irratiko zuzenekoak 10 etapa izatetik 21 izatera pasatzeaz gain, Tropelaren parte hartzea da aurtengo berritasun nabarmenenetako bat. «Tropelakoak gurekin izatea luxua izango da, saioari indarra emango dio eta gainera Tropelako zaletuekin konektatzeko aukera emango digu», nabarmendu du Asensiok.

Euskal txirrindulariek izango duten presentziari buruz galdetuta Asensiok argi du: «Dir-dir egiten ikustea ez da erraza, normalean morrontza lanetan ikusten ditugu». Hala ere, «Tourra arraroa izango da», ohartarazi du, «aurreikuspenak egiteko zailena». Aurtengoa «gozatzeko modukoa» izango dela ez du zalantzan jartzen.

Frantziako Tourra FM eta streaming bidez jarraitu ahal izango da Naiz Irratian. FM bidez: Bilbo 92.2, Urola 91.8, Goierri 102.2 , Donostia 93.8, Leitza 95.1, Durango 97.4, Gasteiz 91.5, Bortziriak 103.1. Streaming bidez: irratia.naiz.eus.

 

Tropelako kiniela, txirrindularitza eta euskara 15 urtez bultzatzen

Naiz Irratiak saio honetan egunero Tropelako kinielen berri emateaz gain, etapa garrantzitsuenetan Naiz gunean izanen dira Tropelakoak, gainerako adituekin batera.

Egoitz Lizaso Tropelako ordezkaria Naiz Irratian izan da. Beraientzat Frantziako Tourra urteko momenturik garrantzitsuena dela aitortu du, nahiz eta «egutegi xelebreak uztailean behar zuena abuztu bukaerara eraman duen».

Txirrindularitza kinielak egiten ditu Tropela Elkarteak. World Tour mailako lehiaketak egiten dituen arren, bestelako itzulietara begira ere egoten dira elkarteko kideak. Baina Frantziako Tourra gorriz dute markatuta egutegian: «Langa 20.000 kinieletan egon da, ea aurtengoan hori gainditzea lortzen dugun».

Tropelaren erabiltzaile gehienak Euskal Herrikoak direla dio Egoitz Lizasok, eta gero atzetik espainiarrak leudeke. Baina «Hego Amerikan gorakada bat izan dugu, batez ere, Kolonbiako txirrindulariek eraginda», azaldu du Lizasok Naiz Irratian. Euskal Herriko parte hartzeari dagokionez, herri batzuk parte hartze handia dutela aipatu du: Oñati, Azkoitia, Arrasate, Zarautz…

«Zaletu bereziak edota kinielak egiten artea duten asko daude herri horietan», azaldu du Tropelako kideak Naiz Irratian. Kinielak asmatzeko gakoa zein den galdetuta, argi du Lizasok: «Ez da bereziki asko jakitea, baizik eta kinielak ondo egiten jakitea, lasterketa bakoitza guztiz desberdina delako».

Tropela aldatzen joan da kinielak egiteko moduan «geroz eta espezializatuagoa» izaten ari baita txirrindulariak aukeratzea. «15 urte pasa dira jolas honekin hasi zirenetik. Euskara eta txirrindularitza uztartzea eta euskara mundu horretan sustatzea ziren helburuak. Garai hartan ez zegoen ez mugikor ez tabletarik Internetera konektatzen zenik eta gaur egun informazioaren eta konektibitatearen aroan gaude. Hartara, ahalik jende gehienak parte hartzea izan da gure helburua».

Edukiak euskaraz sortzeko bide horretan, 2010. urtean podcast-ak egiten hasi ziren eta hala jarraitzen dute gaur egun ere. «Maiztasunak, gaiak eta abar aldatzen joan dira», ekarri du gogora Egoitz Lizasok. Tourraren inguruan sortutako podcast-ak Naiz Irratian entzun ahal izango dira, halaber.

«Nahikoa gardenak garela esango nuke eta arriskuak hartzen ditugu. Gero etortzen dira deskalabruak. Izan ere, guk ere akatsak egiten ditugu!», erantsi du Tropelako kideak.

«Sailkapenak egiteak ez du hainbesteko lana ematen. Akaso hori da lanik errazena. Etapa bakoitzean 20 lehenek ematen dituzte puntuak eta sailkapen nagusiko lehen seiek. Hartara, ez dira hainbeste datu sartu behar. Behin horiek sartuta, botoi bati ematea da. Programazio ona daukagu zorionez gure webgunean eta erraz egiten da. Adi egotea da kontua». Anekdota modura, «azken Dauphinen Tony Martin 40 minutu berandu iritsi zen, hartara puntuak eman genizkion, baina gero kontrolez kanpo sartu zela esan ziguten eta berriz ere puntu horiek kendu behar izan genizkion. Eskerrak jarraitzaile finak ditugun eta haiek ere informazioa ematen diguten!». M.B.