GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Indar eraldatzaile handiko mugimendua AEBetan


Wisconsinen argi geratu da. Aurrerantzean, AEBetako edozein poliziak beltz bat tirokatzen duen aldiro, herrialde hartan bereziki sistemikoa den arrazakeriaren aurkako protestak piztu eta zabalduko dira. George Floyden heriotzaren ondoren Black Lives Matter mugimendua berpiztu eta mundu osora zabaldu zen. Mugak hautsi zituen, era guztietako mugak. Orain, Jacob Blaken aurkako tiroketaren ondoren, Kenoshan piztu da errebolta, baina dagoeneko lurralde eta maila desberdinetan zabaldu da. Ildo horretan, NBAko jokalariek planto egitea esanguratsua da. Jakina, ez bere horretan, baizik kaleetan zabaldu den ezinegonaren eta haserrearen isla gisa. Mugimendu oso baten eredu gisa. Balio sinboliko handiko keinua da, sakonki eraldatzaileak diren borroketan gutxietsi ezin den balioa.

Aldaketek, ordea, materialak behar dute izan. Norabide horretan “Defund the Police” kanpainak zentzu osoa du orain. Garrantzitsua da ikuspuntu programatiko hori agenda politikoan sartzea, are gehiago hauteskundeak egitekoak diren urte honetan. Zigortzeko makineria horretan inbertitzeari utzi behar zaio, benetan beharrezkoak diren politiketan inbertitzeko. Poliziek, oro har, botere faktiko izanik, agenda propioa bultzatzen baitute, eskubideen aurkako eta bazterkeriaren aldeko agenda, hain zuzen. AEBen kasuan, supremazistak eta ultraeskuineko milizietako kideak gutxienez hamabi estatutako polizietan infiltratu direla frogatzen duen txosten bat argitaratu da orain. Polizia erakundeetan nabarmena da beltzen aurkako bereizkeria, tiroketa eta heriotzek erakusten duten bezala.

Donald Trump eta haren ordezkariek protestak eteteko eskatu dute, Wisconsinera polizia gehiago bidaliz, mehatxuak handituz eta biolentzia bultzatuz. Orain arte, justiziaren eta berdintasunaren aldeko mugimendu horren indarra gutxietsi du. Presidenteaz gain, askoz ere gauza gehiago aldatzeko gaitasuna duen mugimendua da.