29 AGO. 2020 Uriartek ez du argitu zein kasutan itxiko diren ikasgelak edo ikastetxeak Irailaren 7an, astelehena (zenbait kasutan 8an), 6 urtetik gorako EAEko ikasleak ikasgeletara itzuliko dira, eta derrigorrez jantzi beharko dute maskara. Ez da horrela izango Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsotik aurrera, astebete atzeratu baita itzulera oraindik oso zehatza ez den ikasturte hasiera nola artikulatzen den ikusteko. Lanbide Heziketa irailean zehar abituko da, praktikak antolatu behar baitira, «eta horrek denbora beharko du». R.S. DONOSTIA Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak atzo jakinarazi zuen datorren ikasturtearen hasiera mailakatua izango dela, zailtasunak «berme gehiagorekin» konpondu ahal izateko. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako ikasleak, Batxilergokoez gain, ez dira astelehenean edo hilaren 8an hasiko, baizik eta asteartean, hilaren 15ean, astebete geroago. Lanbide Heziketa irailean hasiko da lanean. Uriartek azaldu zuen ikasturteari irakaskuntza presentzialarekin emango zaiola hasiera. Horretarako, maskara nahitaezkoa izango da 6 urtetik aurrera. Irakasleek ere beti erabili beharko dute. Espainiako Gobernuak eta erkidegoek horixe bera adostu zuten aldez aurretik, nahiz eta asteazkenean, Lakua, akordio horretatik urrundu zen. «Nahiago dugu modu murriztaileagoan hasi», esan zuen maskararen erabileraren inguruan Uriartek, onartu ondoren duela hilabete batzuk planteamendua haurrak beraien artean babesik gabe jolastea zela. «Eskolara joatea nahitaezkoa da legez», erantzun zuen sailburuak, gurasoek seme-alabak eskolara eraman nahi ez izatearen aukeraz galdetu zitzaionean. Ikastetxe bakoitzak osasungintzako profesional batekin harremana izango du kutsadura susmorik izanez gero nahitaezko neurriak hartzeko. «Ikasle edo irakasle batek sintomatologia badu, ez du ikastetxera joan behar», esan zuen Uriartek, eskolak zein kasutan geldiaraziko diren edo zentro bat itxi daitekeen edo ez zehaztu gabe. Puntu hori bereziki nahasia izan zen. Hala Cristina Uriartek nola Osasuneko titularrak, Nekane Murgak, adierazi zuten infekziorik izanez gero, lehenik eta behin, zentroan gertatu den ala ez eta norengana zabaldu den aztertu beharko dela. Baina gogoratu behar da ostegunean Fernando Simon Estatuko koordinatzaileak adierazi zuela azken kutsatzeen %71k jatorri ezezaguna dutela. Murgak gaineratu zuenez, hiru kasu egonez gero, agerralditzat joko da, baina baliteke anai-arrebak izatea eta etxean kutsatu izana, edo transmisioa autobusean gertatu izana. Hori guztia aztertu egingo da erabakiak hartu aurretik. Ez dago, halaber, herri batean ikastetxeak ixteko zenbat kasu egon beharko liratekeen zehazten duen erreferentzia zifrarik. Gainera, Uriartek adierazi zuen zenbait ikerketak erakusten dutela adingabeen arteko kutsadurak beste kasu batzuetan baino gutxiago izaten direla. Klasera joan baino lehen, familiek etxean haurrei tenperatura hartzea gomendatzen da, baina ikastetxeek ere termometroak izango dituzte. Kontratazio gutxi Sailburuak adierazi zuen 1.000 profesional inguru kontratatuko dituztela sistema behar den tokian indartzeko. 1.000 profesional horiek Nafarroan aurreikusitakoak baino zertxobait gehiago dira, non 666 irakasle eta ia 200 zaintzaile kontratutako direla iragarri den. Ratioak jaisteko aukerari dagokionez, Uriartek baieztatu zuen ez dietela ikastetxeei gomendiorik egingo, egun EAEk beste erkidego batzuek baino ikasle gutxiago dituela klaseko, eta gai hori ez dutela funtsezkotzat jotzen. Hezkuntza espazioak zabaltzeari dagokionez, aste honetan bertan inprobisatuta eta presaka udalekin instalazio gehiago bilatzeko iragarritako asmoa berretsi zuen Uriartek. KONTZILIAZIOA Gurasoentzako kontziliazio laguntzei dagokienez, Cristina Uriartek esan zuen ildo propioak landuko dituztela euskal administraziotik, baina ez zuen konpromiso zehatzik hartu.