Oihane Zabaleta
Tokiko garapeneko teknikaria
JOPUNTUA

Ihes ederra zilegi balitz

Osatu da gobernu berria. «Apal-apalik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean (...)». Hortxe, XXI. mendean lehendakariak azaleratutako balioak: lehenbizikoa, Jainkoaren –bat eta bakarra–, ordezkari dela. Bigarrenik, fedea eduki behar dela, ongia eta gaizkia bereizteko gaitasuna izateko eta, azkenik, umiltasuna gorestea, eta hori, norberak esate hutsak herritarren aurrean apaltzen zaituela sinestaraztea.

Ihes ederra zilegi balitz, urra ahal baledi katea, egungo egoera sozio-politikoak urratze horretan ez luke interesik izango, eta ez ginateke arduratu ere egingo. Baina bakerik ez da, urratze gaitasunik ere ez, eta ihes ederrik eta beterik ere ez da zilegi. Izatekotan, hurrengo lau urte luzez, beste behin ere, aurreranzko ihes geldoa dugu.

Legebiltzarreko diskurtsoan, berriz, gobernuburu berriaren ahotik, zaharrak berri. Europatik abiatutako mantra buruz ikasi eta covid-19ari aurre egiteko neurri-sorta aitagurearen erretolikan: digitalizazioa, trantsizio energetikoa, bizitzaren ekonomia eta gizartearen eta ekonomiaren berrekitea bideratu behar duten ardatzei buruzkoa. Hori ia mundu guztiak esaten du, eta beste hari bateko ezpala da neurriak inplementatzeko, erabakiak hartzeko eta harremantzeko moduen gaineko berrikuntza eta aldaketa sozialerako ikuspegia integratzea. Horri buruz sakonean eztabaidatu gabe, diskurtso antzua dela badakigu. Antzua eta arduragabea litzatekeen bezala, ardura osoa Legebiltzarreko oposizio instituzionalaren eskuetan uztea. Parte hartze politiko berriei ekiteko garaia ere bada, bai kaleko mobilizazioei dagokienez, baita mugimendu asoziatiboaren gainean ere. Baina, agian, covid-19aren krisiaren aurreko arrakalak kontuan hartu beharko dira, errepresio ziklo oso garrantzitsuak egon baitira Mozal Legea 2015ean onartu zenetik; zigor administratiboak eskatzen zituzten isunak areagotu dira, bizitza aktibistaren judizializazioa eman da, eta kartzela zigor gogorrak ere ikusi ditugu. Horregatik da garrantzitsua egungo egoerak gizartearen mobilizatzeko gaitasunean zer ondorio dituen aurrenik aztertzea. Bizitzaren prekarizazioa beste errepresio modu bat izaten ari baita.