Fokupera
Fokupera ekarri du, berriro, Japonia. Abe Shinzo lehen ministroaren dimisioak, «mundu guztia» ezustean harrapatzeaz gain, ahaztua zirudien munduko hirugarren potentzia ekonomikoaren bizi-zantzua iratzarri du. Besteak beste, lehen biak elkarren arteko talkan inoiz baino suharrago ari direnean. Eta okerrera egiteko tankera guzti-guztiarekin, gainera.
Dimisioak, berez, ez du aparteko misteriorik: gaixotasun ezaguna bezain gogaikarria du Abek aspalditik, eta karguan jarraitu ezinean aurkitu da larregi, antza. Bestela, nekez ulertuko litzateke horren abagune deserosoan agur esatea: Reiwa aroa hasi berria denean, legegintzaldiari urtebete geratzen zaionean, agintaldi politiko luzeenaren marka ezarri berria duenean, urtebete atzeratutako Joko Olinpikoek kili-kolo jarraitzen dutenean…
Egia da ez arrakasta ez distira handirik gabeko agintaldia izan duela azken hau… aurrekoen antzera. Abenomics-en hasierako uste ekonomiko haiek itzali egin dira ia erabat; Konstituzio bakezalearen aldaketa-asmoak ere zapuztuta geratu dira, seguruenera Aberentzat mingarriena izango zen albotik: iritzi publikoak ez duelako halakorik nahi; eta covid-19aren kudeaketa ere ez da bereziki arrakastatsua izan, ingurumarietako herriekin alderatuta.
Ingurumari horrekiko harremanetan legoke, haatik, Aberen legatuaren ifrentzua. Yasukuni santutegira egiten zituen bisitaldietan islatutako nazionalismo harro samar hartatik abiatu arren, Txina eta Estatu Batuen arteko gatazkan lerrokatuegi ez aurkitzeko benetako ahaleginak egin ditu azken bizpahiru urte hauetan Abek. Eskertzeko edo, neurritasun deigarriarekin ospatu dira Pekinen bere agurrarekin batera suertatu diren II. Mundu Gerraren amaiera ospakizunak… Ez dakit inor ohartuko ote zen Etxe Zurian.
Tentuz zaindu beharrekoa baita oraintxe Asia Ekialdeko zernahi. Dirudien moduan, datorren astean PLDk hautatuko duen Aberen oinordekoa Suga Yoshihide bada, berritasunik ez dela izango esan liteke, aspalditik izan baita Suga Aberen eskuina. Ishiba Shigeru balitz, ordea, bestelako zerbait espero beharko litzateke.