Aitor Montes
Familia medikua Aramaion
GAURKOA

Asintomatikoen baheketa

Osasuna, hau da, ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala, giza eskubide unibertsala da, ukaezina. Zoritxarrez, osasun arloan ere ezberdintasunak egon daitezke. Batzuk berezkoak dira, adinagatik, edo generoagatik, edo jaiotzetik. Baina badira ere bidegabekeriak eragindako osasun-ezberdintasunak, eta horri osasun arloko ekitaterik eza deitzen zaio. Bidegabekerien artean, lazgarrienetarikoa.

Osasun-ezberdintasunei aurre egiteko, lehenik eta behin eragiten dituzten aldagaiei ekin beharko genieke: klase-banaketari, bazterkeriari, herrien eta herritarren zapalketari, matxismoari. Baina horri guztiari aurre egitea medikuen lan-esparrutik at dago, edo euren gaitasunez gainetik. Medikuntza medikuoi dagokigun jarduna da; osasuna, ordea, ez. Osasuna oinarrizko eskubidea da, baita osasun arreta ere, baina ez norbanakoari soilik dagokiona, ez pertsona bakarraren erantzukizuna, guztion ardura baizik. Jendartearen erantzukizun eta betebehar kolektiboa baita jendearen osasuna zaintzea. Asko jota, hizkuntzaren edo matxismoaren arloak izan daitezke medikuon esku daudenak. Adibidez, osasun arreta pazientearen hizkuntzan eskaini eta ematea, hizkuntza-justiziagatik eta kalitatezko zerbitzua emateagatik, ikuspegi etiko batekin. Baita pandemia egoeran ere, aldarrikatu dugun bezala. Elkartasuna. Zoritxarrez, ez da osasun arreta euskaraz bermatzen.

Osasun sistema publikoa, unibertsala, dohainikakoa da, beraz, osasun arloan, eta horrekin batera, jendartean, ekitatea bultzatzeko ezinbesteko tresna. Gaixorik dagoenarentzat behar dituen eta frogatuta dauden esku-hartzeak, tratamenduak eta gainontzekoak eskaintzea, gure zergekin ordainduta, une oro eta paziente guztientzat. Baita pandemia egoeran ere. Zoritxarrez, koma sanitarioan gaude, eta egun ez da maila goreneko arretarik bermatzen.

Medikuntzaren betebehar garrantzitsu bat prebentzioa da, eta horren barruan gaixotasunen baheketa. Topatu gabe edo diagnostikatu gabe dauden gaixotasunen baheketa, alegia. Izan ere, gaixotasun asko asintomatikoak dira, hasieran behintzat, eta gaixorik dagoena, itxuraz ondo egon daiteke. Gaixorik dagoela jakin gabe. Beste era batera esanda: asintomatiko egoteak ez du esan nahi gaixorik ez dagoenik. Horregatik egiten dugu kolon-ondesteko minbiziaren baheketa, edo zitologiak, edo hipertentsioaren baheketa, edo odol-analisiak diabetesa diagnostikatzeko. Jendearen osasuna, euren oinarrizko giza eskubidea, babesteko. Zoritxarrez, baheketa-programak askotan ez dira jende guztiarengana heltzen, eta pobreak, gutxiengo etnikoak edo etorkinak kanpo gera daitezke. Ekitaterik eza, ezbairik gabe. Halaber, eta zoritxarrez, koronabirusaren harira hainbat jende gezurra zabaltzen ari da: asintomatiko egotea osasuntsu egotea dela, eta ez duela inolako esku-hartzerik behar.

Adibide bat jarriko dut: hidatidosia zuen emakume bat. Hidatidosia asintomatikoa izan daiteke, ustekabean heriotza ekarri arte. Txiroei eragiten die batik bat, landa-eremuan. Emakume hori ez zen zirujauaren kontsulta programatuan agertu. Handik gutxira, kiste hidatidikoa apurtu zitzaion eta ebakuntza urgentea behar izan zuen. Batzuen ustez, emakumearen errua izango da, arduragabea berau. Koronabirusaren pandemia zure jarrera arduragabeen erruagatik dela dioten bezala. Batzuen ustez, ez dago hidatidosirik, asmakizun bat baino ez da, koronabirusa bezala, asintomatikoa izan daitekeelako. Ez bata ez bestea. Gaixo hori pobrea zen, emakumea, laguntza sozialik gabe bere ilobak zaindu behar zituena, eta gutxiengo etniko bateko kidea. Hilzorian dagoen hiztun-komunitate batekoa. Horregatik ez zen agertu kontsultan, astirik ez zuelako, ezin izan zuelako, ez zitzaiolako aukerarik eman. Eredu biopsikosoziala, pertsonan ardazturiko arreta, segurtasun klinikoa eta kulturala, errotik erauziak, pazientearen kaltean.

Adibide hau erabiltzen badut, arrazoi bategatik izango da. Koronabirusa konspirazio bat dela zabaltzen ari den gezurragatik, hain zuzen ere. Negazionisten jarrerak ez digu batere laguntzen osasun-eskubidearen alde lanean ari garenoi. Kontrakoa, osasun arloko ekitaterik ezari aurre egiteko oztopo baino ez dira. Euren mezuak kalte egiten dio herriarena izan behar lukeen osasun-sistema publikoari.

Norbanakoaren apetak ezin dira aldamenekoaren eta jendartearen osasunerako eskubideen gainetik jarri. Eta horrela gabiltza, musukoen edo existitzen ez den txerto baten gainean elkarri mokoka, hezkuntza- eta osasun-eskubideen alde guztiok batera borrokatzen baino. Bat egiten dute eredu liberalarekin: osasuna zure ardura da, zuri dagokizuna, eta zu zara erantzule bakarra. Osasuna ez da ongizate psikikoa, fisikoa eta soziala, zure esku bakarrik dagoen egoera mentala baizik. Osasun-arreta unibertsala birrintzeko baliagarria den argudio zitala. Eta argi eta ozen esango dut: antisistemikoak direla esango dute, baina ez dira ezkertiar abertzaleak, diagnostikatu gabeko arazoa baizik. Asintomatikoak, itxura batean, gure artean dabiltza, baina kaltea eragin diezagukete, eta ez nolanahikoa. Baheketa denez medikuaren lana, ausartu egingo naiz: borroka honetan jende horren baheketa egin beharko genuke, eta adeitasunez, gure lehentasunak azaltzen saiatu. Eta nahi ez badute, identifikatu eta baztertu. Ezker abertzalean matxismoa zilegi ez den bezala, elebakartasun zapaltzailea zilegi ez den bezala, negazionismoa ere ez da onargarria.