GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Arrazoiak sobera


Ikasturte berri bati hasiera eman diogu eta, aurten, haur eta nerabeen lehen egunari dagokion urduritasunari –ikaskideak berriz ikusteagatik edota irakasle zein gela berriak ezagutzeagatik– ziurgabetasuna gehitu zaio. Oraingoan, gainera, ezinegona ez da soilik ikasleena, irakaskuntza komunitate osoarena baizik. Jakin badakigu aurtengo erronka ez dela makala; konturatzen hasiak gara, gainera, ikastetxeetan gertatzen denak gizarte osoari eragiten diola, kontziliazio arazoez harago. Hala ere, irakasleak eta ikastetxeetako zuzendaritza taldeak bakarrik sentitu dira, ezinbestekoa zen planifikaziorik gabe eta, batez ere, baliabiderik gabe. Bitxia dena, hartara, mobilizazioak deitu izanak batzuengan sortu duen harridura da.

Covid-19aren krisiak agerian utzi eta, are gehiago, sakondu egin du jatorri sozioekonomiko desberdineko ikasleen artean aurretik ere zegoen aldea. Ikasgeletan zegoen berdintasunik eza larriagotu egin da martxoaren 13tik aurrez aurreko klaserik ez egoteagatik. Arazoa ez da soilik izan konektagarritasun edo baliabide teknologikoen falta; badira arazo ezkutuagoak, hala nola, etxekoen gaitasun digital urriak. Hala, irakasleek erronka gehigarriei aurre egin behar diete: haurrek eskolarekiko zuten lotura emozionalaren urte erdiko haustura, iazko ikasturteko eskola-orduen murrizketen ondorioak, edo krisi ekonomikoak ikasleengan izango duen eragin desberdina. Euskararen erabilerarekin berriz ere konektatzea ere ez da erraza izango ikasle askorentzat.

Eskatzen dena ez da bakarrik larrialdi puntual bati aurre egiteko erantzun azkarra. Segurtasuna bermatuta aurrez aurreko klaseetara lehenbailehen itzultzea ezinbestekoa bada ere, beharrezkoa da egiturazko gabeziei aurre egitea. Eredua birpentsatu beharra dago, jakina, baina premiazkoa da ikasle ratioa murriztea, lantaldeak handitzea, azpiegiturak hobetu eta egokitzea, eta jantoki zein garraio zerbitzua ziurtatzea. Finean, guztiontzako eskola bermatzea izan behar da helburua, hezkuntza komunitateko kide guztien arteko elkarlana bultzatuz.