GARA Euskal Herriko egunkaria

Iaz ekoitzitako Euskal Sagardoaren laurdena ez da kontsumitu

Aurtengo sagastietako uzta txikiagoa izango dela baieztatu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagar ekoizle eta sagardogileek. Aurtengo sagardoaren salmenta nola joan den aipatu zuen jatorri deiturako koordinatzaile Unai Agirrek. %25 inguruko soberakinak izango dituzte; hortaz, 2020ko uzta txikia izateak «ez digu askorik eragingo».


Iazko sagarrekin ekoitzitako sagardoa «ondo saldu da udan» eta, hala, espero baino txikiagoa izango da sasoi bukaerako soberakina. Horixe ondorioztatu zuen Unai Agirrek, atzo, Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean eginiko prentsa agerraldian. Aurtengo sagastien uztaren nondik norakoak agertzeko ekitaldia izan zen, baina garrantzitsua iruditu zitzaien egungo egoera testuinguruan jartzea; pandemiak bete-betean baldintzatu duena, alegia.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailea da Agirre eta GARAri zehaztu zion, oraindik galerak zehatz-mehatz kalkulatzeke badituzte ere, %20 eta 25 arteko soberakinak izango dituztela –hiru milioi litro sagardo ekoitzi zituzten Jatorri Deiturako egiaztapenarekin–.

Hainbat kanal geldituak izan ziren koronabirusaren lehen agerraldian –Horeca, esaterako– eta horrek eragin zuzena izan du euskal sagardoan.

Hala eta guztiz ere, alde ona bilatze aldera, «aurtengo sagar uzta txikiagoa izateak ez digu eragingo, oraindik sagardoa bai baitaukagu», adierazi zuen. Izan ere, sagar urte oparoaren ondoren «ez urtea» dator; hau da, uzta txikiagoa egon ohi da.

Horregatik, hain zuzen –eta eguraldiak ere lagundu ez duelako (negua ez hain hotza eta uda lehorra izan da)–, iazko sagar uztaren erdia edo %40 biltzea espero dute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarako.

Azukre maila handikoa

Iaz 5 milioi kilotik gora sagar bildu ziren euskal sagardoaren ekoizpenerako eta, aurtengo lehenengo aurreikuspenen arabera, udazken honetan 2 milioi edo 2,2 milioi batzea espero dute. Uzta txikixeagoa baina «izaera handikoa» izango dela ziurtatu zuen Felix San Sebastian sagar ekoizle, Fruiteleko lehendakari eta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kideak.

«Astebeteko atzerapenarekin dator eta, oro har, azukre maila altua izango dute», azaldu zuen San Sebastianek. Zehazki, iazkoarekin alderatuz, 11,9 puntu altuagoa daukate refrektometro indizea (°brix). «Polifenol eta taninoetan ondo hornitutako uzta izango da eta horrek sagardoan ere eragina izango du», laburbildu zuen.

Gaur egun, Euskal Sagardoaren barruan 250 sagar ekoizle eta 475 hektarea sagasti inguru daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta jada hasiak dira sagar bilketan. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegietara joaten da. Atzo goizeko ekitaldian jakinarazi zuten datorren urtean 100 hektarea berri sartuko direla produkzioan.

Jatorri Deitura sortu zenean (2017an) zehaztu zuten erronka nagusia hau zen: 15 urte barru %100 bertako sagar hutsez egitea euskal sagardo guztia; «hau da, Euskal Sagardoa zigilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia». Iazko datuak alderatzen baditugu, hamabi milioi litro sagardo ekoitzi ziren eta horietatik %70 (8,5 milioi litro) bertako sagarrarekin egin ziren. Nolanahi ere, litro guztietatik laurdenak soilik bideratu ziren Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardoa ekoiztera.

Erronka betetzeko bidean, «teknikoki garatu beharreko lehentasunezko lau proiektu» aurkeztu zituzten Otalarrea sagasti esperimentalean, Gipuzkoako Aldundiaren lurretan.

Uzta orekatuagoa lortzea da helburu nagusietako bat, aurtengoa ez gertatzeko. Horretarako, «asko dagoen urteetan sagarra bakantzea komeni da eta hemengo orografia eta sagar motetara egokitutako bakanketa sistemak probatzen» ari dira.

Bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen jarraituko dute, baita aukeraketa egokiak egiten ere, «sagar egoki eta emaileena» aukeratu eta barietatea hobetzen joateko.

Lurra ekoizpenaren «zutabea» izanik, sagar ekoizleak lurraren lanketan formatzen jarraitzea ezinbestekotzat jotzen dute.