GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
IZARO CUADRA ETA AITZOL GIL DE SAN VICENTE
IKAMA ANTOLAKUNDEAREN BOZERAMAILEAK

«Lurralde guztietatik ekarpena egin behar dugu euskal eskola herritar eta burujabea lortzeko»

Izaro Cuadrak IES Laudio BHI-n ikasten du eta Aitzol Gil de San Vicentek, Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Hamazazpi urte dituzte biek eta duela astebete Elizondon aurkeztu zuten Ikama ikasle antolakunde berriaren bozeramaileak dira.


Ikama ikasle antolakunde berria jaio da, ikasleria martxan dela laburbiltzen duen izenarekin. Ehunka kidek aurkeztu zuten aurreko larunbatean, Elizondon. Izaro Cuadra eta Aitzol Gil de San Vicente bozeramaileek gaur arte egindako bidearen errepasoa egin dute elkarrizketa honetan, nola sumatu zuten Euskal Herriak hezkuntzan egin beharreko lanketa politikoa dinamizatuko zuen ikasle eragile baten beharra, baina etorkizun prefabrikatuei uko egin eta zerumuga berria ere definitu dute: hezkuntza eremutik «euskal eskola herritar eta burujabe» baten sorrera.

Nolakoa izan da Ikama eratzeko prozesua?

Izaro Cuadra: Duela hilabete batzuk elkartu ginen asanblada nazionaletan Euskal Herriko hainbat ikasle, eta bertan partekatu genituen tokian toki eramandako hainbat borroka, hausnartu genuen ikasle mugimenduak izan beharko lukeenaren inguruan eta antolakunde berri bat sortzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Ordutik egon gara martxan, eta, horregatik “ikasleria martxan”, Ikama. Historian zehar ikusi da ikaslea izan dela askotan protagonista mugimendu eraldatzaile askotan, eta guk badaukagu zer esana. Antolakundea Euskal Herrian inposatzen zaizkigun hezkuntza ereduak iraultzeko tresna bat da eta ikasleak erdigunean jarriko gaituen hezkuntza eredu bat sortzeko tresna.

Zer nolako eragina izan du koronabirusak prozesu luze horretan?

I.C.: Egia da konfinamenduak harrapatu gintuela azken zatian, baina ondo atera da, ikasle askok hartu dugu parte eta eztabaida batzuk eztabaidatzeke geratu zaizkigu. Joango gara korapilo horiek askatzen.

Aitzol Gil de San Vicente: Guztiei bezala, ezustean iritsi zitzaigun, proiektua garatzen ari ginenean. Eztabaida prozesua ukitu zuen zuzen-zuzenean eta pandemia dela-eta eztabaidak modu telematikoan egin behar izan genituen; batez ere, eztabaidaren bigarren eta hirugarren saioak ikastetxe askotan. Azken finean, pandemia agertzeak ikasle antolakundea beste lan zehatz batzuk egitera bultzatu zuen: ikasle zaintza sareak martxan jartzera eta ikasleon beharrei erantzuteko dinamikak bultzatzera.

Behin sortuta... Zein da Ikamaren proiektu politikoa?

A.G.: Ikamaren proiektu politikoa asanbladaz asanblada zehaztu genuen ikasleok; gure helburu maximoa edo gure ametsa definitu genuen “euskal eskola herritar eta burujabe” gisa. Herritarra, boteredunen interesak alde batera utziz ikasleok erdigunean jarriko gaituelako, herriaren mesedetan egingo duelako, inor alde batera utzi gabe. Eta burujabea, gure ustez, Euskal Herria izan behar delako hezkuntzan erabakiak hartzen dituena eta guk eduki behar dugulako erabakitzeko gaitasun hori. Amesten genuen eskola hau definitu genuen ere publiko gisa, denoi irekia, azpitik gora eraikia, inolako zapalkuntzarik gabea. Definitu genuen askatzaile gisa, ikasleei etorkizunean bizi eredu askatzaileak garatzeko tresnak emango dizkiona. Definitu genuen nazional gisa, Euskal Herri osoan hedatua eta gure nortasunari egokitua.

Eta zeintzuk dira antolakundearen oinarri ideologikoak?

I.C.: Gu ezkertiarrak, euskaldunak eta feministak gara. Feministak bai praktikan, gure egunerokotasunean, feminismotik egiten dugulako lan, baita hezkuntzan ere, eredu feminista baten alde borrokatzen garelako. Euskaldunak, euskaraz egiteko hautua egin dugulako, eta Euskal Herri osoko lurraldeetan antolatzen gara. Ezkertiarrak, azkenik, balio ezkertiarren alde egiten dugulako.

A.G.: Borrokarako filosofia ezberdinak edukiko ditugu. Gure ustez, filosofia bat da ikasleak subjektu politiko garen heinean hitza eta erabakia gureak direla, eta jarrera horrekin jardungo dugu. Beste filosofia bat da hezkuntza herritik eta herriarentzat izan behar dela. Eta azken filosofia guretzat da herri eta nazio eraikuntza; gure ustez, ikasleok hezkuntzatik egin behar diogulako ekarpena Euskal Herriaren eraikuntzari eta nazio askapen prozesuari. “Kargatzen” eztabaidetan ere ikusi genuen Salvador Allendek zioela gazte izatea eta iraultzaile ez izatea kontraesan biologikoa dela eta guretzat ere hala da. Ikasleak gara eta txikitatik inposatu digute zer dagoen ongi, zer dagoen gaizki, zer egin behar dugun... gu hau guztia eraldatzera gatoz.

Ikasle antolakunde nazional bat martxan jartzeko ordua zela uste zenuten?

A.G.: Egin genituen lehenengo asanbladetan, oraindik antolakundea aurkeztu baino lehen, kontuan hartu genuen lurralde administratibo ezberdinetan zatituak gaudela, hezkuntza sistema ezberdinetan banatuak gaudela eta, horren ondorioz, hezkuntza eremuan ere egoera ezberdinak bizi ditugula. Baina, hala eta guztiz ere, pentsatzen genuen zapalkuntza batzuk amankomunak genituela eta beharrezkoa zela lurralde guztietatik ekarpena egitea euskal eskola herritar eta burujabea lortzeko. Egiten dugun jardun hau nazionala dela diogunean ez diogu zazpi lurraldeetan gauza berbera egin behar dela, baizik eta bakoitzak gure eremuan bizi ditugun partikulartasun horien baitan gure bide propioa egin behar dugula etorkizunean bat izateko.

Nola aktibatu antolatuta ez dagoen ikaslea, helburu horiek betetzeko?

I.C.:Nik esango nieke euskal ikasleei lokaletik borroka txikiak aurrera eramanda eta garaipen txikiak lortuz benetan helburu handiak lor ditzakegula. Eta ondo antolatutako ikasleok soilik lor ditzakegula helburu handi horiek. Ikaslea izatea bada pankartak egiten egotea gure problematika erdigunean jartzeko, bada klasean lo egotea aurreko gaua ikasten eman dugulako, baina, gure ustez, ikasle izateari zentzua ematen dio ikasle mugimenduan egoteak, uste dugulako bestelako hezkuntza eredu baten alde borrokatzea badela ere ikasle izatea.

Zer harreman izango duzue hezkuntza komunitatearekin?

A.G.: Gu saiatu gara eratze prozesuaren hasieratik hona hezkuntza komunitatearekin ahalik eta konfiantzazko harreman handiena izaten. Guretzat oso garrantzitsua da, iruditzen zaigulako prozesua hezkuntza komunitatearekin batera egin behar dugula Euskal Herrian, eta gu prest gaude horretan motorra izateko.

I.C.: Elkarlana garrantzitsu ikusten dugu, modu batean edo bestean denoi eragiten diguten problematikak badaudelako eta bakoitzak bere aldetik badaukalako horretan zer esana.

Euskal Herrian burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde kokatzen diren eragileekin elkarlana garrantzitsua izango dela diozue. Baita gazte eragileekin eta beste ikasle antolakundeekin ere?

A.G.: Beharrezkoa ikusten dugu gazte eragileekin elkarlan hori, azken finean ikasleak gazteak ere bagarelako eta ikastetxetik ateratzean gazteen problematikak pairatzen ditugulako. Guk ez dizkiogu elkarlanerako ateak ixten gainontzeko ikasle antolakundeei. Jakin dezatela ikasleon beharrei eta Euskal Herriaren beharrei erantzuteko orduan alboan izango gaituztela.

Aipatu bezala, jaio eta greba batekin «topo egin» duzue. Zein irakurketa egin duzue?

I.C.: Ikasturtea lanpetuta hasi dugu. Azkenaldi honetan, hezkuntza erdigunean agertzen ari da eta uste dut hezkuntza komunitatearekin batera lan ona egiten ari garela eta etorkizunean ere egingo dugula. Irailaren 15eko greban, bat egin genuen sindikatuek deitutako mobilizazioekin gure aldarrikapen propioak mahaigaineratuz. Ratioak txikitzea, materiala eskuragarri eta doakoa izatea ikasle ororentzat, hartutako erabakiak hezkuntza komunitatearekin batera hartzea, orain egiten ez dena, eta ikastetxeetan ikasleonak diren espazio horiek berreskuratzen joatea eskatu genuen, ikasle gelak, adibidez.

Militantzia modu berriak jarriko dituzue martxan? Aurreko belaunaldiei erreparatuta, beste horiek guztiak integratuko dituzue?

A.G.: Pentsatzen dugu garai hauetan parte hartzeko, militatzeko, mila modu daudela. Guk ikasleriari eskaintza zabal bat egin nahi diogu, parte hartzeko ahalik eta tresna anitzenak eman, ahalik eta berritzaileena izan, bai gure metodoetan bai komunikatiboki, ulertuta azken finean garaiari egokitu behar gatzaizkiola. Mila modu daude ikasle borroka aurrera eramateko.