Pribatutasuna hil da
Big data eta adimen artifizialaren garaian murgildu gara, baina ez digute esplikatu zertan oinarritzen diren. Eta, teknologiaren esparrua gero eta azkarrago garatzen ari den garaiotan, garrantzitsua da gaiaren inguruko ezagutza minimo bat hedatzea jendeak hartzen dituen erabakien ondorio posibleak uler ditzan. Big data enpresek gure datuak behin eta berriz saltzen dituzte, gehienetan gure kontsumo joerak ezagutu nahi dituzten enpresei. Guk oparitzen dizkiegu sare sozialen bidez. Baina datu kantitate erraldoien prozesamendua jendarteen manipulaziorako ere erabil daiteke. Adibide bat: Cambridge Analiticak Trumpi boto emaileen datuak saldu zizkion, eta datuok AEBetako 2016ko presidentetzarako hauteskundeak erabakitzeko erabiliak izan ziren.
Posible al da? Bueno... Googlek ehunka milioi erabiltzaileren posta elektronikoak eta kontaktuak kudeatzen ditu; geolokalizazioari esker, badaki erabiltzaileak non dauden (eta non egon diren); Androideko App Store dendaren bidez badaki erabiltzaileek zer aplikazio deskargatu dituzten, eta bilaketa motorraren bidez erabiltzaileen interesei buruzko informazioa gordetzen du. Facebook da Whatsapp eta Instagramen jabea. Ehunka milioi erabiltzailek Facebook eta Instagram bidez proiektatzen dutena prozesatu eta gorde egiten du eta, Whatsappi esker, auskalo zenbaten sekreturik intimoenak prozesatzen dituen...
Adimen artifizialarekin beste gauza batzuk egin daitezke, errealismo maila gero eta altuagoarekin. Adibidez, existitzen ez diren pertsonen argazkiak sor daitezke. Pixelatutako aurpegiak despixelatu daitezke. Norbaiten irudi nahiko edukiz gero, bere aurpegiarekin bideo faltsu bat egin daiteke. Sartu Interneten eta bilatu deepfake porn. Ez da txantxetarako kontua. Era berean, adimen artifiziala pertsonen identifikaziorako erabil daiteke, guk sare sozialetan argitaratutako argazkiak baliatuz. Imajinatu, manifestatzaileen identifikazio masiborako, airetik ateratako bereizmen altuko argazkien eta adimen artifizialaren arteko konbinazioa. Gu gara gure argazkiak, guri buruzko informazioa, gure datuak, azken finean, argitaratzen ditugunak. Eta, orduan, haien jabe izateari uzten diogu.