25 SET. 2020 Espetxean 30 urte daramatzan Jakes Esnalek preso jarraituko du Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak defendaturiko jarrerarekin lerratu eta 69 urteko presoari baldintzapeko askatasuna errefusatu dio beste behin Dei Auzitegiak. Xistor Haranbururen kasuan ere askatasunaren aurka agertu zen atzo fiskala. Erabakia urriaren 27an jakinaraziko dute. Maite UBIRIA BEAUMONT BAIONA Bake Bideak atzo arratsaldean baieztatu zuenez, Parisko Dei Auzitegiak bertan behera utzi du Jakes Esnalek baldintzapeko askatasunean ateratzeko aurkezturiko bigarren eskaera ere. Elkarteak «kriminaltzat» jo zuen azken 30 urteak preso eman dituen lapurtarra kartzelan atxikitzeko erabakia. Ildo beretik, Frantziako Gobernuak ebazpen hori ontzat ematea onartezina dela adierazi zuen. Konponbidearen alde egin eta Euskal Herriaren nahira egokitzea galdegin zion Bake Bideak Parisko Gobernuari. Era berean, gaur bertan Donibane Lohizunen (Louis XIV.aren plazan, 19.00etan) eginen den mobilizazioan parte hartzeko gonbita egin zion jendarteari. Iragan martxoaren 13an aztertu zuen lehen aldiz Dei Auzitegiak preso lapurtarraren eskaera eta maiatzaren 12an jakitera eman zuen bere erabakia. Epaileak 69 urteko presoak eginiko askatasun eskaera babestu zuen, Euskal Herrian azken hamarkadan eman den bilakaera politikoa aintzat harturik. Alta, fiskalak donibandarra askatzeko erabakia blokeatu zuen helegite bat aurkeztuz. Prozedura berriz aztertzeko ekainaren 25an egin zen dei auzian antzeko jarrera hartu zuen fiskalak, aitzinetik epaileak hartu zuen ebazpena alboratuz. Alta, jujeak fiskalaren argudioak bata bestearen atzetik indargabetu zituen maiatzaren 12an ezagutu zen erabakian. Zehazki Esnalen kaleratzeak sor zezakeen arriskua «guztiz hipotetikoa» zela adierazi zuen, eta, era berean, egiaztatutzat jo zuen «euskal jendarteak bakea eraikitzeko erakutsitako borondatea». Haranbururen auzia Esnali buruzko epaia jakinarazteaz gain, Frederic Xistor Haranburu presoak aurkezturiko hirugarren askatasun eskaera ere aztertu zuen, atzo arratsaldean, Dei Auzitegiak. Iragan uztailaren 9an espetxean 30 urte bete zituen senpertarra askatzearen alde azaldu zen jujea. Fiskalak, ordea, helegitea ezarri zuen, eta Haranburu preso atxiki zuten, dei auziaren zain. Lannemezango espetxetik, bideokonferentzia bidez, jarraitu zuen atzoko audientzia. Auzi honi begira, lehen aldiz, Baionako fiskaltzak berak ere Xistor Haranbururen askatasun eskaera babestu zuen. Alferrik, atzo Terrorismoaren Aurkako Fiskalak aukera hori berriz errefusatu baitzuen. Azken erabakia urriaren 27an jakinen da.