GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskararen «zaharkitze programatuaz» hitz bi

Bilboko Loraldia jaialdirako enkarguz sortutako ikuskizuna da «Zaharkitze programatua», gizateriaren historiatik abiatuta euskararen gaineko gogoeta mahaigaineratzen duen proposamena. Garbiñe Ubedak egindako testu batetik abiatuko da ikuskizuna eta Don Inorrez musika taldearen kantuek eta Onintza Enbeita eta Maddalen Arzallus bertsolarien gogoetek onduko dute hausnarketa. Umorea eta zinismo tanta batzuk, etorkizunaz hausnartzeko.


Etorkizunaz hausnartzea bada oraina ulertzeko modu bat, baita sustraiak errotu ditugun lurrak ze osasun duen aztertzeko bide bat ere. Ariketa horretarako bide emango du gaur Bilboko Loraldia jaialdiaren barnean estreinatuko den “Zaharkitze programatua” ikuskizunak.

Garbiñe Ubedaren testu batean oinarritutako proposamena da “Zaharkitze programatua”. Idazlea eta egun Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakaria da ibartarra, eta Loralditik iritsi zitzaion ikuskizunerako oinarriak jartzeko proposamena. Etorkizunaz hausnartuko zuen testu bat idazteko eskaera egin zioten, idatzi horretatik abiatuta literatura, musika eta bertsolaritza uztartuko zituen proposamen eszeniko bat sortzeko.

«Enkargua egin zidatenean berehala etorri zitzaidan Don Inorrez taldea burura. Batetik oso etxekoa dudalako, taldekide bat zehazki nire anaia da –Imanol Ubeda–, baina ez nituen horregatik hautatu», argitu du idazleak. Batez ere, Don Inorrez-en lehen diskoko (“Mugiro bila”, 2018) kantuei darien «zinismoa» interesatu zitzaiola argudiatu du: «Bere estilo horretan sartu dituzten abestiak oso zinikoak dira, umore puntu batekin, eta hortik doa kontua». Testua eraikitzen ere Don Inorrezen “Garai postmodernoan” abestiari tiraka hasi zela azaldu du Ubedak eta, hala, berak eraikitako testua eta ikuskizunean entzungo diren abestiak, guztiak eskutik helduta «eta ondo josita» datozela nabarmendu du.

Testuaz ezer gutxi aurrera daiteke spoiler-ik egin gabe, baina ikuskizunaren norabidearen nondik norakoaz pistarik eman digu idazleak. «Oro har, homo sapiens-ari, humanitateari buruz ari da, baina lehenbiziko humanitate horretatik abiatuko bagara ere, euskarari buruz ariko gara; zaharkitze programatua ezarri nahi izan zitzaion eta, bide horretatik, etorkizunari begira jarriko gara», azaldu du.

Etorkizunari begira jartzeko ariketa horretan Ubeda ez da bakarrik ariko oholtza gainean. Batetik, idazleak berak aurreratu bezala, Don Inorrez taldea izango du lagun eta, bestetik, ikuskizuna biribiltzeko, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariek aterako diete punta hausnarketei, Amaia Agirrek gaia emanda.

Bertsolarien agurrak irekiko du ekitaldia, eta ikuskizunean zehar tartekatuz joango dira kantuak, testua eta bertsoak. Guztira bost kantu emango ditu Don Inorrezek, azkena espresuki ikuskizunerako sortua eta Ubedaren testuari azken puntada emango diona.

Bertsolaritza da hirugarren osagaia. Ikuskizun batera bertsolaritza eramateak baditu bi aurpegi. Batetik, bertsolarien ekarpenak emanaldi bakoitza ezberdin eta bakar egitea eragiten du, baina, bestetik, bat-batekotasuna kontrolatzearen ezintasunak ikuskizuna ondu edo zapuztu, biak egin ditzake. Alde horretatik, Loraldira «errespetu handiz» doala ziurtatu du Onintza Enbeitak. «Agertokira ateratzen garenean funanbulistak gara, ez dakigu zer gai jarriko diguten edo zer den egin beharko duguna, eta hori ondo irteten denean magia da. Loraldikoa, gainera, ez da nire herriko jaietan mezaren ostean libre egiten dugun saioa bezalakoa, horrek ere merezi du gure errespetu guztia, baina hura gaizki ateratzen bada zure ardura da, eta hemen talde bat dago atzean eta ardura bikoiztu egiten da. Testua adi entzun eta haren mailan egon nahiko dugu», esan du.

Ikuskizunari eman nahi zaion kolorean ere eragina izango du bertsolarien jardunak, «posible baita nahi ez den lekuan guk umorea sartzea edo alderantziz; bat-bateko kontuekin gertatzen dira halakoak».

Ubedak ez du maila emango duten zalantzarik. «Uste dut beraien umorea eta egoteko duten modu hori testuarekin bat etorriko direla, euren ekarpenak entzuteko irrikan nago», adierazi du, eta Enbeitak ere gainerako taldekideekiko fedea erakutsi du: «Garbiñe, Imanol, Amaia, Maddalen... Ni seguru nago ondo irtengo dela eta gauza polita aterako dela».

Kulturatik birpentsatuz

“Zaharkitze programatua” ez da etorkizunera begira jartzen gaituen Loraldiko lehen proposamena. Etorkizunari kulturatik begiratzeak berebiziko garrantzia du jaialdiarentzat. Baita Ubedarentzat ere: «Etorkizunera begira jartzen garenean ezinbestekoa da kulturatik egitea, nik ezin dut kultura baztertu etorkizunari begiratzeko. Ekologiaz ari garenean ere gure kultura hor dago, gure parte da, eta batez ere gure hizkuntza. Areago, esango nizuke kulturatik egingo ez bagenu roboten pareko izango ginatekeela. Ezin dut imajinatu ere egin».

Ildo berean doa Enbeita ere: «Badirudi kultura edozein momentutan bazterrean utz daitekeen zerbait dela, gure bizitzetan behar ez dugun zerbait dela, baina tresna erabilgarria da gure emozioak kudeatzeko eta etorkizunari seriotasunez eta kritikotasunez begiratzeko, nahiz eta barre artean izan». Kulturak, Enbeitaren hitzetan, «pentsatzeko aukera» ematen digu, bakarka zein taldean hausnartu eta errealitate berriak eraikitzeko oinarriak finkatzekoa: «Beste arlo batzuek ez bezala, kulturak gauza ezberdinak pentsatzen ditugunon artean eztabaidatzeko aukera ematen digu, beraz oinarrizkoa da etorkizunaz hausnartzeko. Eta aldarrikapen bat ere bada, nola uzten dugun bazterrean horren garrantzitsua den gauza bat, ez duelako batzuk nahiko luketen beste diru sortzen».