GARA Euskal Herriko egunkaria

Asuncion Klinikako langile eta erabiltzaileentzat «ez da kasualitatea» gertatu dena


Hiru langile kutsatu atzematetik 41 pertsona positibo izatera pasa da Tolosako Asuncion Klinika egun gutxiren buruan. Bada, bertako hainbat langilek zein erietxeko zenbait erabiltzailek Tolosako ospitaleko kudeaketa eskasa deitoratu zuten atzo. Nabarmendu zutenez, arazoa ez da oraingoa. «Guztiz ez publifikatzearen ondorioa da, kudeaketa publiko-pribatuaren albo kaltea», adierazi zion egunkari honi Martin Arroyo erabiltzaileak. Tolosaldea da EAEn ospitale guztiz publikorik ez duen eskualde bakarra, eta asko izan dira horen aurka azken urteetan egindako protestak.

Koronabirusaren agerraldi nabarmena ez dela «kasualitatea» izan adierazi zuten Tolosako Zerkausian atzo eginiko prentsaurrekoan. Ainhoa Ortiz erizain laguntzaileak argitu zuen hilabeteotan «babesgabe» sentitu direla, eta, egungo fokuari begira, azaldu zuen positibo eman duten langileak konfinatuta egonagatik, horiekin harreman estua izan duten gainontzekoek lanean jarraitzen dutela.

Tolosaldean pairatzen duten egoera salatu eta kalitatezko osasun arreta eskatzeko, larunbatean 12.30ean manifestazioa deitu dute. Era berean, gaur Zerkausian aterako duten «babes argazki erraldoira» hurbiltzeko gonbita luzatu zieten herritarrei.

«Ez gara iristen»

«Langile gutxi gaude, gutxiegi, ez gara iristen. Gure aldetik dena ematen dugu, baina baliabide pertsonal eta material faltak eragin zuzen du. Horrek ekarri du klinikaren itxiera eta covid-19 kasuak langileen artean zabaltzea», azaldu zuten atzo. Eta klinikako jabeen helburuetan «irabazi ekonomikoak osasun arretaren aurretik» lehenesten dituztela deitoratu zuten.

ELA eta LAB sindikatuek ere zorrotz kritikatu dute klinikak nola kudeatu duen pandemia egoera. ELAk, adibidez, salatu du martxotik agerraldia izan arte langileei ez zaiela PCR probarik egin, ezta positibo eman duten gaixoekin lan egin dutenei ere. Oporretatik bueltatzean ere ez zitzaien probarik egiten langileei. Klinikan sortu den fokuaren gainean, PCR proben emaitzak jasotzeko 24 ordu baino gehiago behar izan dituztela azaldu zuen ELAk, eta, bien bitartean, gerora positibo eman duten langileek lanean jarraitu dutela.

Bestalde, LABek salatu duenez, klinikaren eraikinak ez ditu betetzen egoerari aurre egiteko gutxieneko baldintzak, lan kargak handitu arren garbiketa ez da indartu eta langileek norbera babesteko ekipamendu nahikorik ez dute jaso. LAB sindikatuaren ustez, Asuncion Klinikan nagusi izan den kudeaketa kaskarrak sorrarazi du egungo egoera, eta honen ondorioz langileek osasuna galdu dutela adierazi zuen; osasun fisikoa eta osasun psikologikoa, aipatu zuenez.