Saria
Ez dakit ondo nork eta zertarako antolatu zuen emanaldi hura, urte asko pasa dira ordutik. Kontua da amaieran zozketa bat egin zutela eta saritutako zenbakien artean nirea zegoela. Pozik, kabitu ezinda igo nintzen taula gainera opariaren bila. Ez nuen inolako meriturik egin, baina zenbaki saritua esku artean izatea bazen niretzat nahikoa merezimendu orduan. Oihalezko motxila bat, urdin iluna, aparteko dotoreziarik gabekoa; baina ederra ikusi nuen eta gustura jaitsi nintzen hura hartuta, handi-handi, berezi. Behin ekitaldia amaituta, ordea, motxilak sobera zituztela eta ikusleen artean banatzen hasi ziren; ia denek eskuratu zuten bat. Keinu haren ostean, motxila sokadun oihal zati bihurtu zitzaidan eskuetan. Saria, sari izateko, saritu gabekoak egon behar dira. Ordutik barre asko egin dut pasadizo harekin.
Azken egunetan berriz akordatu naiz arratsalde hartan gertatutakoaz. Nobel sariak banatu dituzte eta, noski, sarituak baino gehiago dira, agian saria merezi eta jaso ez dutenak. Zientzia arlo zehatz batzuetan aritzen diren profesionalek jaso dezaketen errekonozimendu publiko handiena da eta ia edonork nahiko luke bere izen eta irudia ikusi saria iragartzeko egiten den ekitaldian. Aurten, orotara, lau emakumek jaso dute eta lehenengoz emakumeek soilik osatutako talde batek eskuratu du Kimika arloko errekonozimendu hau, Jennifer Doudna eta Emmanuelle Charpentierrek, genomaren ediziorako metodo bat garatzeagatik. Pozgarria albistea, irabaztunek aitortu duten moduan, mezu garrantzitsua helarazi diezaiekeelako neska gazteei. Segituan hasi dira, baina, merezia zuten beste pertsona batzuen izenak aipatzen eta nork bere etxera egiten du horrelakoetan. Jakina da ikertzaileak jada ez direla bakarrik eta euren laborategietatik atera gabe aritzen. Taldeak eskaintzen dien indarraz lortzen dituztela aurrerapen handienak, baina tamalez ezin dira guztiak saritu. Sari txiki eta agian premiazkoagoak orokortu daitezke, ordea, ikertzen jarraitzeko beharrezko baliabideak izatea saria delako eta, agian, errekonozimendu keinu oinarrizkoena.