22 OCT. 2020 GUTUNAK Euskal ogia, euskal izenez «labelago» SANTI ANGULO MARTIN Duela gutxi, Araban ereindako gariaz labeldun ogia egin dutela jakin izan dugu. Egun okindegietan ogia erosteko aukera ugari dagoen garai honetan, euskal ogia aurkitzea pozgarria da. Izan ere, okindegi edo ogi-fabrika askok euskal izena duten arren –Gipuzkoan, besteak beste, Altuna, Ogiberri, Sulabe, Ogi Donosti, Lekuona, Aramendia...–, gutxitan ikusten dugu euskal izena duen ogia. Zopako ogia salbuespenetakoa izango da, ziur aski. Halaber, opil, tarta eta pastelen izenak ere euskaraz ikustea ia ezinezko bihurtu zaigu. Euskal pastelaz gain, oso gutxi ikusiko dugu okindegi eta gozotegietan. Berez, ez litzateke zaila izango ogi, opil... mota bati euskal izena jartzea. Euskal ohiturari jarraituz, formaren arabera, estua, zabala, borobila...; orearen arabera, trinkoa, arola...; mendi, ibai eta herri, bertako lekuen izenak... Aukera paregabea dago euskaraz ogiari eta abarrei izena emateko. Kontzientzia, borondatea eta konpromisoa besterik ez da behar. Euskaraldia dator, euskararekiko konpromisoa dator. Konpromiso iraunkorra, betierekoa behar dugu gure jendartean euskararen erabilera eguneroko ogia bezala izan dadin. Euskaraldiko arduradunek lan itzela dute eragile sozial eta ekonomikoekin konpromisoa lortzeko garaian. Horregatik, oso pozgarria izango litzateke okindegiek eta gozotegiek beren produktuei izena emateko euskara erabiltzeko konpromisoa hartuko balute, hala «euskal ogia», «euskal pastela» labelagoak lirateke.