GARA
IRUÑEA

Europako funtsen erdiak erkidegoek kudeatuko dituzte

Berreskuratze Planak finantzatuko dituen proiektuen erdiak erkidegoek kudeatuko dituzte, Pedro Sanchez Gobernu espainoleko presidenteak Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariarekin batera presidente autonomikoekin egindako konferentzian azaldu zuenez.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Von der Leyeni esan zionez, pandemiak eragindako krisiaren ostean, nahiz eta Europar Batasuneko (EB) estatu kideak izango diren Next Generation funtsen «sarrera», autonomia erkidegoak izango dira susperraldiaren «pilotuak». EBren barruan «elkarlaneko gobernantza eta subsidiaritatea» defendatu zituen Urkulluk. Maria Chivite Nafarroako lehendakariak, berriz, foru erkidegoa funtsak jasotzeko «posizio onean» dela azpimarratu zuen; izan ere, Nafarroa Suspertu Plana, legegintzaldiko erronken oinarri dena, «ondo lerrotuta dago ‘Agenda 2030’ Europako estrategiaren oinarri diren digitalizazio, ingurumen politika eta lurralde eta gizarte kohesioko ardatzekin». Hain zuzen, Chivitek nabarmendu zuen plan horrek Nafarroako «nortasunaren ezaugarrietan» sakontzen duela, adibidez energia berriztagarrietan, non lurraldea «aitzindaria izan den». Orain hidrogeno berdearen eta automobilgintzaren sektorea sustatuko dituztela azaldu zuen, digitalizazioan eta jasangarritasunean lanean ari baitira.

Europako Kontseiluaren akordioaren arabera, Estatu espainolak 140.000 milioi euro jasoko ditu; horietatik 72.700 laguntza zuzenetarako izango dira, eta, gainontzekoa, kredituetarako.