30 OCT. 2020 JO Uberizazioa Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Berriro ere alarma egoera aktibatu da eta, berriro ere, gure egunerokoa moldatzea dagokigu. Pandemiak ekarri dituen aldaketa sozialak ez dira gutxi izan; eta ordutegi-mugen ondorioz areagotuko den horietako bat, dudarik gabe, Glovo, Deliveroo, Uber Eats eta halako aplikazioen erabilera izango da. Duela hiruzpalau urte eskas hasi ginen kaleetan koloredun motxilak ikusten eta jada ohitzen hasiak gara. Ezin dugu ahaztu motxila karratu horiek oso prekarizatuta dagoen lan-harreman eredua irudikatzen dutela: soldata baxuak, gehiegizko lanaldiak, gizarte-segurantzaren estaldura txikiagoa... Rider-ak dira lan-azpikontratazioaren ondorio kaltegarrien adibiderik argiena. Praktika horren bitartez, langileak Lan Zuzenbidearen babesgunetik at uztea bilatzen da, baita ekintza sindikaletik aldentzea ere. Ez da, noski, estrategia berria, baina digitalizazioak azkartu eta indartu egin du bere ezarpen-prozesua. Jabetu beharko ginateke, dena dela, guztiongan eragin dezakeen egoera dela, fenomeno globala baita. Ostalaritzan eta garraioan autonomo faltsu gisa lan egiten dutenen egoera bereziki zaurgarria izan daiteke, sektorearen beraren ezaugarriengatik, baina praktika horren eragina askoz zabalagoa da; esaterako, aseguruetan, edota zuzenbide zein arkitektura arloetan ez da praktika arrotza. Funtsean, eragin ekonomiko eta sozioekonomiko handia duen auzia da. Haren kalteek ongizate-estatuari eragiten diote, adibidez, gizarte segurantzari ordaintzeari utzitakoaren eraginez. Baina esan dezakegu aldaketa kulturalak ere bilatzen direla, gure langile profila itzali eta gure kontsumitzaile izaera bultzatu nahi dutela. Izan baditugu tresnak honi guztiari aurre egin ahal izateko. Juridikoak kasu; izan ere, Auzitegi Gorenak, lehenengo aldiz, banatzaileen eta plataforma digitalen arteko harremanak lan izaera duela aitortu berri du. Bada, halaber, Eusko Legebiltzarrean ekonomia uberizatuaren kontra onartutako legez besteko proposamena. Edozelan ere, nekez desagertuko den estrategia izanik, aurre egiteko modu berri eta anitzak elkarrekin asmatu beharko ditugu. Auzitegi Gorenak, lehenengo aldiz, banatzaileen eta plataforma digitalen arteko harremanak lan izaera duela aitortu berri du