GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Lan arloa euskalduntzea, funtsezko erronka


Lan arloan euskararen normalizaziorako egiten diren ahaleginak, salbuespenak salbuespen, nahiko apalak izaten dira orokorrean. Enpresa gutxik diseinatu dituzte euskalduntze planak, nahiz eta eguneroko bizitzaren zati handi bat lanean igarotzen duten herritar askok. Hori izan zen, hain zuzen, ELA, LAB eta Kontseiluko idazkari nagusiek atzo adierazi zuten arrazoietako bat lan mundua euskalduntzeko proposamen bateratua aurkezteko. Funtsean, Confebaski eta Nafarroako Enpresaburuen Elkargoari (CEN) eskatu zieten 50 langile baino gehiago dituzten enpresa guztiek euskara plan bat izan dezatela. Horretarako, plan horiek lanbide arteko akordioen negoziazioan sartzea eskaini zuten.

Lan eremuan denbora asko igarotzen da. Epe erdira, gainera, aldaketa oso garrantzitsuak izango dira lan esparruan. Horietako bat izango da datozen bi hamarkadetan egungo langileen erdiak erretiratzeko adinean egongo direla. Beraz, arrazoi praktikoari demografikoa ere gehitu behar zaio: belaunaldi aldaketak aukera handia irekitzen du lan esparrua euskalduntzeko. Jakina, horrelako abagune garrantzitsu bat ezin da besterik gabe pasatzen utzi. Guztion ahalegina ezinbestekoa izango da. Euskal gizartearen funtsezko erronka baten aurrean gaude. Sindikalgintzak eta gizarte eragileek urrats bat egin dute jada mahai gainean jarritako proposamen bateratuarekin. Orain, Administrazioak, alde batetik, eta, patronalak, bestetik, euren ekarpena zehaztu beharko dute. Horrelako desafioa ez da egun batetik bestera bideratuko. Erronkek aldez aurreko lan handia eta epe erdiko plangintzak eskatzen dituzte, baina baita lan komuna eta baliabideak ere.

Lan eremua euskalduntzeko proposamenak ahalmen handia du euskaren normalizazioan beste esparru batzuetan orain arte landutakoaren uzta jasotzeko, baita etorkizunera proiektatzeko ere. Sindikatuek eta eragile sozialek heldu diote erronkari. Orain Confebaskek eta CENek zehaztu beharko dute euren konpromiso praktikoa.