03 NOV. 2020 JOPUNTUA «Zer moduz?» Maider Eizmendi Kazetaria Egunon, zer moduz?». Kortesiazko galderek erantzun motza dute. Gehienetan halakoek «ondo, eta zu?» soil bat jasotzen dute bueltan eta beste «ondo» batekin amaitzen dira. Bestetarako nahi eta beharrik gabe. Aldatu dira kontuak eta luzatu dira bat-bateko jardunak; agian, kortesiazko elkarrizketoi mami gehiago ateratzeko premia dugulako; etxean egotea tokatu zaigulako eta inora ez doazen hizketaldi horien falta izan dugulako. Agian, jada ez dakigulako inguratzen gaituen egoera honetatik ihes egiten, ezta presaka etxetik irten eta askorik ezagutzen ez dugun pertsona bat topatzen dugunean ere. Nola ba! Gehienetan, parez pare inor dugunean, ahoa estaltzen digun musukoa bere lekuan mantentzeko keinuka aritu behar izaten dugu. Are, betaurrekoak janzten ditugunok, nahikoa lan izaten dugu kristalak erabat lausotu ez daitezen txorien antzera arnasa hartzen, mehe-mehe. Ia gogoratu ere ez naiz egiten nola lortzen genuen lehen hizketaldi bat luzatzea covid-19a edo hark ekarri duen egoera aipatu ere egin gabe. Bai, eguraldiaz gehiago hitz egiten genuen eta baita arduratzen gintuzten bestelako errealitate eta arazoez ere. Baina orain kontu horiei kosta egiten zaie elkarrizketetan lekua egitea eta, are gehiago, tokia hartutakoan hura mantentzea. Zaila da ditugun ardura eta beldurrak barnean gordetzea eta, horregatik, entzungo gaituen belarri parea topatu bezain laster hasten gara estutasuna askatzen. Beldurra dugu gaixotzeko, beldur handiagoa senitartekoren bat kutsatzeko, beldurtuta irteten gara kalera eta are eta beldur handiagoa dugu berriz ere etxean sartzeko. Eta beldur horiek barruan ikusi, entzun eta irakurtzen ditugu komunikabideak, urdaileko mataza arindu nahian edo hari jaten emateko. Ziurgabetasunarekin bizitzen ikasi beste erremediorik ez dugula irakurri diot psikologo bati, baina bistan da betaurrekoetako kristalen antzera, burua bera ere lausotuago dugula, katramilatuago, eta egunerokoan nekeza dela sentsazioa horrekin bizitzea. Gaur eta biharrak ez ezik, ametsak eta planak ere lotu zaizkigu eta haiek gabe bizitzea zailagoa da. Zaila da ditugun ardura eta beldurrak barnean gordetzea eta, horregatik, entzungo gaituen belarri parea topatu bezain laster hasten gara estutasuna askatzen