GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

UPV/EHU: euskaldunon estatusaren erretratua


Berria egunkariko kazetari Irati Urdalleta Letek elkarrizketatu berri du Ekonomia Aplikatuko katedraduna den Eva Ferreira (Barakaldo, Bizkaia, 1963), UPV/EHUrako errektoregai bakarra. Botoen herenak eskuratzea aski izango duenez, itxura guztien arabera, hurrengo errektorea bera izango da.

Esan beharrik ez dago goi karguetan euskaldunak egotea garrantzitsua dela; lehenik, euskarari behar duen sona emateko; bigarrenik, Euskal Herrian euskararen premia azpimarratzeko, eta hirugarrenik, errektore euskaldun batek askotxo egin dezakeelako bere inguru hurbilean eta, erabat harturik, euskara unibertsitatean normalizatzeko. Ildo horretatik, euskaldunok gustura egoteko moduan al gaude?

Kazetariari biziki eskertzen diot euskarari buruzko galdera zorrotzak egin izana,  gurean eta egun ez baita ohikoena, hark haiei emandako erantzunetatik errektoregaiaren erretratua ez ezik, euskaldunok gizarte honetan dugun estatusa azalarazten ere laguntzen digulako.

Azaltzen digu kazetariak Eva Ferreirak gaitasun mugatua duela euskaraz, eta euskararen gaineko galderei euskaraz erantzun diela, eta gainerakoetan, gazteleraz aritu dela nagusiki. Oroitarazi dio elkarrizketatuari hamabi urte joan direla azkenekoz errektoregaia gaztelaniaz elkarrizketatu zuenetik. Arazo giltzarri bat dago azpian: azken hamarkadan errektoreak euskaldunak izan dira UPV/EHUn, baina hala izanagatik, ez dago bermatua aurrerantzean hala izango dela, bermatua ez dagoen bezala, hurrengo udal hauteskundeak egiten direnean, EAEko hiriburuetako alkateak berriz ere euskaldunak izango direla (are gutxiago, Nafarroan eta Euskal Herri kontinentalean). Euskarak irabazten dituen plazak ez daude bermaturik; hots, etorkizuna bermatu gabe dugu euskaldunok, eskumen politiko-juridikorik ezean.

Gatozen galdera-erantzunetara. Gaur errektoregai izanik, bihar errektore izan daitekeenak zer-nolako euskararen ezagutza du?:

«Nola ikusten duzu zeure burua?». «Oso kontziente naiz hobetu behar dudala. Ikasten hasi nintzen duela hamar urte, errektoreorde nintzen bitartean, eta oso zaila zen. Orain euskaltegi batean ari naiz larunbatetan, B2-C1 mailan. Nire arazo handiena hitz egitea da. Arazo handia daukat gauza oso konplexuak euskaraz azaltzeko, baina ulertzeko edo entzuteko nahiko ondo moldatzen naiz».

Errektoreorde izateko ez zuen debeku izan euskaraz ez jakitea barakaldarrak. Orduan sentitu zuen euskaraz ikasteko premia. Baina denbora falta. Orain ere denbora gutxi du: larunbatetan ari da. Inori ez zaio bururatzen gaztelaniaz ondo jakin gabe kargu garrantzizko batera inor aurkez daitekeenik; euskaraz jakiteke, aldiz, EAEko unibertsitate publiko garrantzitsuko errektoreordetzara hel zaitezke, eta errektoretzara ere bai, aski jakin gabe.

Hortik eratorririk, kazetariak egiten dizkion hurrengo bi galderak, eta erantzunak ere, hitzez hitz jasotzekoak dira:

«Uste duzu euskaraz daukazun gaitasun horrek EHUren eguneroko jardunean eragina izango duela? Adibidez, Gobernu Kontseiluko bilerak zein hizkuntzatan egingo dituzue?». «Esango nuke erdia edo gehiago euskaraz egiten dela. Normalean itzulpena egoten da, eta oso erraza da euskara ez dakitenentzat».

«Esango zenuke, oro har, EHUk euskaraz funtzionatuko duela?». «Bai. Noski, Euskal Herri osoan bezala, hobetu behar dugu».

Denok dakigu menderatzen ez dugun hizkuntzan luzeak egiten zaizkigula hitz-hartze ez hain luzeak ere, eta «erdia edo gehiago» esaten duenean, «erdia baino gutxiago» ulertu beharko dela, eta, dioenean «normalean itzulpena egoten dela» esan nahi duela, batzuetan, eta ez du zertan gutxitan izan ez dela itzulpen zerbitzua egoten, eta orduan, denek ulertzearren, bilerak erdaraz egiten direla.

Eta bigarren erantzunari dagokionez, garbi ulertzen den bakarra da hobetu beharra dutela, baina nola hobetuko ote duten? Auskalo! Beti daude arrazoiak, eta, batez ere, aitzakiak eta estakuruak euskara baztertzeko, hurrengorako uzteko, hurrengotasun kate luze ezin hautsizkoan.

Euskaraldiari dagozkion pare bat galdera ere badaude, bata bestea bezain esanguratsuak:

«Ba al daukazu asmorik Euskaraldian parte hartzeko?». «Bai, noski. Hautagaitza moduan, gainera, talde bat sortu dugu».

«Ahobizi ala belarriprest izango zara?».

«Oraingoz, belarriprest. Erronka da bi urtean ahobizi izatea».

Konklusioetara iraganik, Barakaldon jaiotako pertsona bat egon daiteke lasai asko 47 urtera arte euskaraz jakin gabe, eta EAEko unibertsitate publikoko errektoreorde izatera heldu. Ondarroan edo Otxandion edo Azkoitian jaiotakoa ez, erdara jakin gabe, eta are gutxiago UPV/EHUko errektoreorde izan nahi badu. Baina euskaraz aski jakin gabe ere, mintzatzeko eragozpenak izanik ere, hel zaitezke errektore izatera. Borondate ona erakustea aski euskararen alderako, eta, esaterako, Euskaraldian parte hartzea, talde moduan.

Horrelakoxea da euskaldunon estatusa 2020an, Euskal Autonomia Erkidegoan. Errealitatea hauxe esaten ari zaigu: ikas ezazu ongi espainiera, eta ingelesa, eta euskaraz B2n bazaude ere, hitz egiteko zailtasunekin, aski duzu borondate ona agertzea euskararen alderako, eta ikasle eta irakasle gehien dituen unibertsitateko errektore jaun edo andere izatera hel zaitezke. Ez da albiste ona, baina errealitate gordina erakusten digu, planta eta itxurakerietatik harago.