Elefante zuria
Azken asteotan kanpaina misteriotsua azaldu da gure kale eta sare sozialetan. “Elefante txuririk ez!” lelopean, pakidermo baten irudiak ikusi ditugu; esango nuke aire mehatxagarria dutela. Berriki, Orain Ardura ekimenak ezkutuan zegoena behingoz argitu du kontaketa baten bitartez.
Thailandiako Siamgo erresuma zaharrean elefante zuriak sakratutzat hartzen ziren eta erregeak soilik erabili ahal zituen. Kondairak dioenez, erregeak bere gortesau bat zigortu nahi zuenean, ez zuen espetxera bidaltzen, ez zuen urrutiko erreinu batera deserriratzen eta ez zizkion bere ondasunak kentzen; horren ordez opari bat ematen zion. Opari handi eta potoloa: elefante zuria. Elefante zuriak sakratuak izanik, gortesauak lurrak, basoak eta urmaelak atondu behar zituen elefantea errege baten pare bizi zedin. Horrela, elefante zuria jasotzen zuen gortesaua denbora gutxian erabateko porrotean erortzen zen.
«Bazen behin, oso urrutiko herrialde batean…» ipuinak hasteko eskema klasikoa da. Horrela, urruntze teknikaren bitartez, hasiera batean ez gara protagonistarekin identifikatuak sentituko eta erlaxatzeko aukera izango dugu. Sortutako zaurgarritasun hori egokia izango da pentsarazteko eta, ahal dela, ikasteko. Argi dago gure artean ez dagoela benetako elefante zuririk, baina konturatu nahi ez badugu ere, «opari pozoitu» horiez badakigu asko. Elefante zuria ezertarako balio ez duten eta mantentzea asko kostatzen den azpiegitura eta proiektuen ikurra da. Beharbada, orain ipuina askoz gertukoagoa gertatuko zaigu.
Covid-19 garaia bizitzen ari gara, baina hilabete hauek aurrekontuak eztabaidatzeko garaia ere badira. Hortaz, gastu publikoaren lehentasunak aldatzeko beharra inoiz baino argiagoa denean, are eta kezkagarriago dira Abiadura Handiko Trenera bideratzen diren esfortzuak, Europako Batasuna berreraikitzeko funtsen lehentasunek erakusten duten bezala. Bitartean, osasunean eta hezkuntzan gutxiago gastatzen ari dela ikusten dugularik. Ardura hartzeko eta elefante txuriak alboratzeko unea da.