Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Konspirazioak ezkutatzen dituzten konspiranoikoak

Konspiranoiak –hau da, gertaera guzien atzean erabat lotutako plan gaizto hipersekretuak ikusteko obsesioak– indartzen eta zabaltzen ari dira egungo munduan. Aspaldiko fenomenoa dugu, azken hilabeteetako astinaldien eraginez dimentsio erraldoia hartzen ari dena. Efektu paradoxikoa du ugaltze horrek, esanguratsuki: gertatzen denaren atzean edo azpian dagoena ikustea gero eta zailagoa da. Izan ere, konspirazioak egon badaude. Konspirazio gisa helburu bat lortzeko hainbat eragile edota pertsonaren arteko lan amankomun ez aitortua ulertzen badugu, ukaezina da halako elkarlan, itun eta jarduera asko aurkitzen ahal ditugula gehiegi ahalegindu gabe. Azkenean, jende guziak aitortzen ditu beti bere planak? Harreman guziak agerikoak dira? Gardenak dira jarduera guziak? Ez al gara izan –eta gara– denok konspiratzaile, maila ttikienean bada ere, uneren batean sikiera?

Afera, ene ustez, begirada obsesiboan dago, zeinaren atzean konplexutasunari ihes egiteko taupada eta egoerarekiko egonezina aurkitzen baitira. Konspiranoiak hauspotzen dituena da aintzat hartzekoa. Ikuspegi zorrotzaren itxurak ikuspegi kritikoa lainotzen du, dena baldin bada konspiranoia ezer ez baita konspiranoia. Halako mezuak nonahi entzuten diren heinean, zailagoa gertatzen da, esaterako, koronabirusaren krisiaren kudeaketan maniobratzen ari diren interes taldeen jarduerak salatzea. Konspiranoikoek, horretaz jabetu ala ez, diagnostiko kritiko eta jarrera eraldatzailearen kontrako deskalifikazio tresna bat oparitu diete botere posizioetan daudenei, edozer errefusatzen ahal baitute konspiranoiaren agerpen gisa.

Komeniko litzateke konspiranoiaren aurreko konspiranoian ez erortzea, islatzen duen haserrea ulertu nahian, aurre egiten zaion une berean. Ez al litzateke nahaspila honen emaitzarik ederrena konspiranoiko horietako askok mundua aldatzeko konspirazio askatzaileetan parte hartzen bukatzea? Konspira dezagun lortzeko!