29 NOV. 2020 Entrevista AGUS BARANDIARAN KORRONTZI TALDEKO TRIKITILARIA «Gure nahia da koplen tradizioa erakargarri egitea, zerbait gertukoa» Euskal musika tradizionala beste batzuekin uztartu ondoren, Korrontzik sustraietara jo du. Agus Barandiaran eta Xabier Amurizak hiruzpalau urtez egindako lanaren fruitua da «Koplariak» disko-liburua, publikoari koplen tradiziora gerturatzeko bidea eman nahi diona. Taldearen hamargarren lan hau «gainditu gabeko irakasgaia» kitatzeko azterketara aurkeztea izan dela dio Barandiaranek. Xabier IZAGA MARURI-JATABE Iaz DJ Makalarekin elkarlanean “Topa-K” diskoan herri musika eta elektronikoa uztartu ondoren, orain oso bestelako lan bat plazaratu du Korrontzi taldeak: “Koplariak”. Taldearen hamargarren hau Agus Barandiaranen eta Xabier Amurizaren arteko lankidetzaren fruitua da. Pozik ageri da Barandiaran emaitzarekin eta Amuriza bera ere pozik omen. “Koplariak” lanarekin sustraietara jo dute, «gainditu gabeko irakasgaiaren azterketara» aurkeztuta. Musika tradizionaletik abiatuta, hamasei urteko bilakaera izan du Korrontzik. Gure nahia betidanik izan da musika tradizionalaren gainean gauza berriak probatzea. Zorionez, asko bidaiatzen dugu eta beste herrialde batzuetan estilo aldetik Korrontziren parekoak izan litezkeen taldeak ikusten ditugu, tradizioekin-eta jokatzen dutenak, baita DJekin gauza berriak egin dituztenak ere. Beste influentzia batzuk hartu, gure musika kanpokoarekin batu, sinfonika batekin disko bat kaleratu genuen... Makalarekin iaz egin genuen “Topa-K” egitasmoa Korrontziren errepertorioaren errepaso bat zen, guretzat esanguratsuak ziren kantu batzuk hartu eta Makalaren elektronikarekin nahastu genituen. Ez da guk asmatutako gauza, e? Ondo atera zen. Kopenhage ondoan jotzeko aukera izan genuen, gainera Euskal Herria ordezkatuz, eta Europa mailako musika tradizionaleko zerrenda batean hamar disko onenen artean sartu zuten “Topa-K”. Harrera oso ona izan zuen. Eta musika elektronikotik, kopletara. Bilakaeran atzera? Tradiziozko musika, nik Rufino Arriola nire maisua zenari ikasitakoa, niretzat munduko gauzarik onena da, eta tradizio horri eutsi egin behar zaio bizirik iraun dezan. Izan dugu bilakaera bat, musika hori beste agertoki batzuetara eramateko nahiarekin, eta orain jatorrira jo dugu. Nire hasieran, ez Korrontzirenean, trikitiarekin jotzen nituen kantuetara eta erabiltzen ziren kantatzeko moldeetara. Arrazoi nagusia izan da, nire ustez behintzat, inoiz ez diegula eman orain arte letrei duten garrantzia; izan ere, Korrontziren kanturik gehienak instrumentalak ziren. Xabier Amuriza ezagututa, pentsatu genuen: «Oraintxe da aukera ezin hobea gure doinuak berriz ere, edo behingoz, letrekin hornitu eta doinu berriak kaleratzeko». Beraz, nolabait gainditu gabe genuen asignatura horri heltzea, edo azterketa horretara joatea. Letrekin eta ahotsekin jolastea eta gainera horrelako hornitzaile bat edukita, Xabier Amuriza. Guretzat egin duen lana ezin hobea da. Alde batetik, kopla berriak sortu ditu, eta, beste alde batetik, tradiziozko letrak edo orain arte argitaratu gabekoak ere bildu ditu, eta guk musika jarri eta disko-liburu batera eraman ditugu. Amurizaren letrak, gainera, bermea dira, ezta? Bai, bai. Bera da, nire ustez, gehien dakiena kopla munduan. Bertso munduan ere denok dakigu zer ekarpen egin duen, baina koplen inguruan ere... Berak esaten du bere bizitzan bertsoa baino lehen agertu zela kopla. Amurizak gaztetan ere koplak etxean entzun eta sentitu zituen. Lehenengo kopla mundutik edan zuen eta gero etorri zitzaion bertso mundua. Bizitza guztia eman du han eta hemen koplak biltzen, baita kopla berriak egiten ere. Tapia eta Leturiarekin ere kaleratu zuen koplen inguruko disko bat. Guretzat erreferenterik handiena eta jakintsuena zen, eta argi genuen berarekin lan egin nahi genuela. Hasieratik haren erantzuna baiezkoa izan zen, eta guk nahi genuena egiteko atea zabalik utzi zigun. Hogei bat kopla sorta pasatu zizkigun, folio mordo bat, eta guk aukeraketa bat egin dugu. Emaitza entzun zuenean oso pozik geratu zela esan zigun, eta biok disko-liburua eginda ikusi genuenean, benetan ere merezi izan duelako sentsazio hori eduki genuen. Badiotsut, nire ustez, oso produktu polita atera da. Xabier Amurizak beti esaten zuen oso garrantzitsua dela letra ondo entzutea eta ondo ulertzea. Izan ere, berarentzat musika eta mezua dira garrantzitsuena. Eta horretarako, koplak? Nire ibilbide guztian zehar bertsolariengana jo izan dut letra berrien bila, hori izaten da trikitilarion biderik errazena, eta Xabierrek esaten zidan gaizki nenbilela bertsoak eta ez koplak eskatzen nituelako. Horrela hasi nintzen berarekin zer desberdintasun dagoen ikasten. Berak beti esaten du kopla bertso labur bat dela, asko jota bi edo hiru errima dituena, eta ez bertso batek bezala, hirutik gora. Koplak laburra izan behar duela, mezu konkretua duena, eta errepikakorra. Koplan errepikatu egin behar da mezua indartzeko, eta berak esaten duenez, mihise bat bezalakoa da, koadro bat bezalakoa: «Mendi altuan edurre/ bota surtera egurre»… askotan zerikusirik ez daukaten gauzak koadro batean ikusten dituzunean, zentzua bilatzen diezu. Koplak bisuala izan behar duela esaten du. Emanalditxoak egiten dituzue biok, berak hitzalditxoa eginez, baina baita kantatuz ere. Proiektu honekin hasi ginenean, Amurizak bazeukan bere jakinduria hori, koplen inguruan zekiena, jendeari azaltzeko gogoa, eta beste proiektu paralelo bat hasi genuen, “Koplariak koplari”. Nolabait “Koplariak” lanean agertzen den materiala jendeari aurrez aurre azaltzeko hitzaldi musikatuak, formatu txikian. Nik trikitiarekin laguntzen diot eta berak koplen inguruko azalpenak ematen ditu. Oso ondo funtzionatzen ari da, jendeak kristolako aukera dauka Amuriza zuzenean ikusteko eta hori, niretzat, espektakulu bat da, eta batez ere, ikasteko modu bat. Hiruzpalau urte daramatzat dagoeneko berarekin, ordu asko autoan, bileretan… eta beti dago zerbait ikasteko. Denetariko publikoa daukazue, helduak zein gazteak. Azkenean, jende helduak bere bizitza guztian zehar folkaren edo tradizioaren inguruko jakin-mina asetzeko modua izan du eta gazteek, nire ustez, bidea badaukate, baina askotan akaso bide hori ez da egiten, beraiek eskura dituzten euskarrietan, mugikorretan-eta bestelako gauzak entzuten dituzte. Gure nahia da bai Korrontzirekin, bai Xabierrekin musika tradizionala, koplen tradizioa kasu honetan, beraiei erakargarri egitea, gauza gertuko bat, edo gerturatzeko bidea ematea. Horretan gabiltza, eta batzuetan uste dut lortzen dugula. Gure musikaren edo gure kantu baten bitartez ezagutzen baldin badute Rufino Arriola eta Maurizia Aldaiturriaga nortzuk izan ziren, guk gure bidea ondo egingo dugu, ez? Gure ekarpena hori da. Agenda beteta samar daukazue hurrengo hilabeteetarako, pandemiak baldintzatuta bada ere. Sormenaren aldetik, etenaldi honek alde onik izan du? Orain kaleratu dugun lan hau etenaldi hori egon zelako egin ahal izan dugu. Urte hasieran programatuta genituen 70 bat emanaldi bertan behera geratu ziren; penagarria izan da, ez genekien zer kristo egin behar genuen. Baina gero kontzertuak hasi ziren, eta birprogramazioa. Sektorea nola dagoen ikusita, ez gaude kexatzeko moduan. Sormenaren harira, konfinamenduak zerbait ona eduki zuen: etenaldi horretan Amurizaren kantuak borobiltzeko denbora. Lehenengo grabaketak konfinamenduan hasi genituen nork bere etxean, Interneten bidez pistak partekatzen… Han hasi genuen diskoa. Gero, udan, azken grabaketak eginez borobildu dugu, Elkar estudioetan nahasketak eta bestelakoak eginez. Hasteko, abenduaren 23an Bilboko Campos antzokian eta 30ean Gasteizko Principal antzokian lehenengo aurkezpenak egingo dituzue. Bai, eta ondoren, beste hainbat. Jendea gonbidatuta dago zuzenekoetara etortzera, eta, batez ere, Amurizarengana gerturatzera. Amurizak beti dauka zer erakutsi eta plazer bat da beti berarekin egotea eta bera entzutea, bai abesten, bai azalpenak ematen. Zorte handia daukagu Amuriza edukita. KOPLAK«Kopla horietara jotzearen arrazoi nagusia Korrontzik orain arte letrei duten garrantzia eman ez izana da» DISKO-LIBURUA«Amurizak eta biok disko-liburua eginda ikusi genuenean, benetan ere merezi izan duelako sentsazio hori eduki genuen»