Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

86 zentimetro

Otadi bazterreko mugarriagatik etxekonekoarekin muturtuta hamarkadak eman ondoren, halako batean elkarri berriro egunona ematen hasten diren baserritarrena bezalatsu ikusi nahi izan da pasadizoa, beharbada. Ulertzen ez direnak (eta ulertzeko asmorik ere ez dagoenak) prozesatzeko balio izaten du umoreak. Batzuetan.

Kontua da joan den astean ofizialdu dutela Txinak eta Nepalek guretzat oraindik Everest deritzon mendi horren altuera: 8.848,86 metro. Ez da txantxa ofizialtasunarena: bi estatuburuek berretsi dute neurketa. Bidenabar, izen kolonialaren ukazioa ere berretsi egin dute, esan gabe: Qomolangma da txinatarrentzat (tibeterazko izenari men eginez) eta Sagarmatha nepaleraz, guretzat oraindik Everest izango dena. Total, orain arte aitortzen zitzaiona baino 86 zentimetro gehiago dituela esateko, ihardetsiko du edonork. Bada, ez pentsa, badu bere gatza eta piperra kontuak. Hirugarren bat, India, jada pipertu samar dabilela gaiarekin esaten hasi ere hasi baitira batzuk. Gakoa ez baitago neurrian. Horretan, Txinak amore eman duela bistakoa dela esango nuke. Hori bai, itxurak gordez: satelite-sistema eguneratuenarekin neurketa egiteko espedizio erraldoia burutu ondoren. Baina, Nepalek lehendik egiten zuen eran, tontorreko elur-geruza ere aintzat hartuz. Emaitza, esandakoa. Baina nazioarteko harremanen zelai zingiratsua begiratzen duenari ez zaio oharkabean pasatu Txina eta Nepalen arteko harremanen beroaldia islatzera datorrela akordioa. Eta horrek, hesola bat gehiago ezartzen duela Txina, pausoka, Indiaren inguruan eraikitzen ari den hesi horretan: Pakistan, Sri Lanka, Myanmar, hein batean Bangladesh...

Badago beste ikusmolde bat ere, ura –bai, ura– Wall Streeten etorkizunekoen merkatuan kotizatzen hasi den honetan. Munduko ur gezaren sorleku nagusietako bat da Himalaia; handik datozen uren mende bizi da, ederki kostata, ia gizateriaren erdia. Eta jakina da Yarlung Zangbo edo Brahmaputra ibaiaren goi arroan Txinak egin asmo duen urtegia dela une honetan bi herrialdeen arteko liskar-gai serioena, agian. Hara joango lirateke Qomolangmako urak, adibidez.