EDITORIALA

Noizbait kide izateko pausu saihetsezina

UEFAko eta FIFAko eskubide osoko kide izateko eskaera ofiziala aurkeztu zuen atzo Euskadiko Futbol Federazioak, bi erakundeek Nyonen eta Zurichen dauzkaten egoitzetan. Bi urte pasa behar izan dira, baina 2018ko Biltzar Nagusian ia aho batez adostu zen eskaria azkenean gauzatu du, mugimendu honekin, Federazioak. Duela astebete hainbat futbolarik norabide horretan aurrera egiteko eskaera plazaratu eta gero iritsi da, azkenik, EFFren pausua.

Lakuako Gobernuarekin batera egindako eskaera formalean, Euskadiko Futbol Federazioak eskubide osoko kide izateko «bideragarritasun legala eta benetako aukera» defendatu ditu nazioarteko erakundeen aurrean. Horrekin batera, alde guztiekin adostutako integrazioa gauzatzeko borondatea azaldu du, hala nola Espainiako Federazioarekin akordio bat negoziatzeko epe bat irekitzeko asmoa. Pozgarria da, azkenean, Espainiako Federazioari itxoin gabe egin izana eskaera ofiziala, bistakoa baitzen inoiz ez zela aldez aurretiko babesik iritsiko. Negoziazio horiek norabait iristea zaila izango dela agerikoa bada ere, bide berriak irekitzeko ez dago pausu berriak egitea beste modurik. Goroldioa pilatzen ari zen mugitzen ez zen harrian.

Espainiak azaldu beharko du, kasu honetan, zergatik ukatzen dion Euskal Selekzioari Gales eta Eskozian aspalditik normala dena. Edo Madrilgo Gobernuaren borondatearen kontra Kosovon errealitate bihurtu dena. Munduko «estatu deszentralizatuena» bezala saltzen dutenarentzat kotoi-proba berria. Afera kirol eremutik harago doala nabarmena da kasu honetan, eta hor datza atzo tramitatutako eskaeraren balio nagusia. Herri bat ez da soilik momentu jakin batean den hori, izan nahi duena eta proiektatzen duena ere bada, are gehiago gurea bezalako herri txiki baten kasuan. Ez da samurra izango bidea, baina norabide onean emandako pausua da, herri honek izan nahi duena mahai gainean jartzen duen neurrian. Noizbait izateko aurrebaldintza baita, horrelakoetan, izan nahi izatea.