GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Tortura betiko zigorgabe gera ez dadin, argi izpi bat


Parisko Dei Auzitegiak Iratxe Sorzabalen aurkako euroagindu eskaera ez onartzea erabaki zuen atzo. Aurretik, joan den azaroan, prokuradoreak euskal militanteak komisarian pairatu zituen torturak sinesgarritzat jo zituen. Orduan, besteak beste, preso politiko honen kasua NBEk bultzatutako Istanbulgo Protokoloaren ezaugarriekin bat datorrela argi geratu zen. Atzo, azkenean, Gorteko magistratuek euskal presoaren kontra espainiar aginte judizialak eskatutako laugarren euroagindua errefusatzea erabaki zuten.

Frantziar epaitegiek torturapean eginiko adierazpenetan oinarrituriko euroagindu bat ukatzen duten lehen aldia da. Epaileek administrazio espainolak igorritako informazio osagarria «aski serio edo zorrotza» ez zela erabaki zuten. Beren ustez, eskatutako argipen horietan «espainiar aginteak ez dira torturen salaketa ezeztatzeko gai diren elementuak mahai gainean jartzeko gai izan». Aurretik frantziar epaitegiek beste hiru euroagindu onartu dituzte euskal herritar honen aurka. Guztiak, 2001ean atxilotu zutenean, Sorzabal torturatuz Guardia Zibilak lortu zituen adierazpenetan oinarritu dira. Gogoan izan behar da Sorzabalen testigantza latza torturek eragindako zaurien irudiekin batera azaldu zela, salaketa ukaezina bihurtuz. Ohi denez, salaketak ez zuen espainiar epaitegietan aurrera egin. Edonola ere, euroagindua estatuen arteko konfiantzan oinarritzen da, eta nekez epaitzen dira kasu hauetan gerta daitezkeen giza eskubideen bortxaketak. Aurrekari gisa, erabaki hau oso garrantzitsua da.

Espainiar segurtasun indarrek ez dute lotsarik; ez dituzte beren krimenak inpunitate osoz estaltzen soilik; gainera, zeharo mendekatiak dira. Jokabide horrekin, krudelkeriaz, min handiagoa eragiten dute. Beraiek egindako minik ez dute onartzen, ordea. Tortura da euskal gatazka politikoaren aurreko zikloa markatu duen ezaugarrietako bat. Atzoko epaiak hori jartzen du mahai gainean, eta horregatik da garrantzitsua. Inpunitatea betikotu ez dadin.