26 DIC. 2020 Haur parkea Zaballan, Iratiren eta bere gurasoen eskubideak aldarrikatzeko Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimeneko kideek haur parkea eraiki dute Zaballan Olentzeroren eta Mari Domingiren argibideak jarraituz. Ekimenarekin familientzako modulua ireki dezatela eskatu dute. Ion SALGADO GASTEIZ Olentzeroren eta Mari Domingiren opariak Zaballako espetxeraino ere heldu ziren atzo. Izan ere, Iruña Okako kartzelara bertaratu eta umeentzako parke bat eraiki zuten Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimeneko kideek, familientzako modulua ireki dezatela aldarrikatzeko. Irati Etxebarria Zapirain 2018ko martxoaren 8an jaio zen, espetxean, eta orain Aranjuezeko presondegian bizi da, aita eta ama bertan baititu. Martxoan 3 urte beteko ditu, eta, espainiar legediak horrela aginduta, gurasoengandik banandu beharko du, kartzela utzi eta bere senitartekoekin Bilbora bizitzera joan beharko baitu. Ildo horretan, Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimeneko kideek Iruña Okara gerturatutako kazetariei azaldu zietenez, Iratik eta bere gurasoek «elkarrekin bizitzeko duten eskubidea bermatzea» da atzoko ekintzaren xedea. Eta helburu hori betetzeko, nabarmendu zutenez, beharrezkoa da modulu mistoak eraikitzea, bai Zaballan eta baita Zubietan egingo den espetxean ere. «Dispertsioak gogor kolpatzen du presoaren inguru hurbila. Zigor erantsi horren ondorioak latzak dira, are gehiago, adin txikikoei buruz ari bagara. Asko hitz egin da haur motxiladunen errealitateaz eta pairatzen duten eskubide urraketez. Irati da haur horietako bat», salatu zuten. Eta egoera latz horrekin amaitu nahi dute atzokoa bezalako ekimenekin. «Ea pausu txiki honek Irati eta bere gurasoak behingoz Euskal Herrira ekartzeko prozesua azkartzen duen», nabarmendu zuten. Pandemiaren eragina Kartzelan jaiotzea eta gurasoak bertan izatea berez gogorra bada, aurten egoera are gehiago zaildu da koronabirusaren eraginez. Horren adibide, birusari aurre egiteko ezarritako larrialdi egoerak aitona-amonekin zela harrapatu zuen Irati bera, espetxetik kanpo, beraz, eta eta amarengana itzultzea debekatu zioten konfinamenduaren lehenengo hilabeteetan. Azkenean, maiatzaren amaieran, itxialdia hasi eta bi hilabe beranduago, Iratik gurasoekin berriz egotea lortu zuen, baina, hiru urte betetzen dituenean, haiengandik banatu beharko du berriro, horrek haurrarengan eragingo duenarekin. Horregatik, Iratiren eta bere gurasoen eskubideak bermatzeko, eta sakabanaketaren arriskuak saihesteko, Zaballako espetxera ekartzea exijitzen du haien aldeko herri ekimenak. Iratirena, gainera, ez da kasu bakarra: une honetan, ehun haurrek baino gehiagok dute ama edo aita kartzelan, eta hamabost haur dira biak, aita eta ama, preso dituztenak. Gurasoak ikusteko asteburuero ehunka kilometro egin behar dituzte, eta egoera horrek konponbide «erraza eta bideragarria» duela nabarmendu dute ekimeneko kideek hasieratik: «sakabanaketa politikarekin bukatzea».