28 DIC. 2020 ZIRIKAZAN Bederatzi hilabeteko urtea Josebe EGIA Jakin-minez irakurriko ditut aurtengoak eman dituenen top 10 zoroak, 2020rako dauden aurreikuspen-mota askotarikoak, eta nik neuk klasiko hutsari hertsiki atxikita hasiko dut urtea: erretzeari utzi». Horixe idatzi nuen hemen 2019ko azken artikuluan, urte arrunt hartan, eta orain ternezia eragiten dit. Handik bi hilabetera utzi nion. Pozarren nengoen. Gero, bi hilabetera hasi nintzen berriz, konfinamendua hasi eta bi astera: alarma-egoera zenbat eta gehiago luzatu, zenbat eta gehiago jabetu benetako egoera zein zen eta luzaroan zein izango zen, orduan eta kantitate handiagoan zigarroak bata bestearen atzetik. Ezin izan nion eutsi, artega, nekatuta, kezkatuta, amorratuta, triste… bainengoen, edo indartsu, itxaropentsu, gogotsu, baikor… egunaren arabera, mundu osoa bezalaxe. Harrezkero, bederatzi hilabete besterik ez da igaro, baina une haiek beste bizitza batekoak iruditzen zaizkit, modu erabat sinesgaitzean aspaldi-aspaldikoak. Nork bere porrotak eta garaipenak izango zituen. Izan ere, urte hau, batez ere, gertakarien eta sentimenduen errusiar mendi hutsa izan da, hainbeste gauzatan geldoa eta beste hainbestetan bizkorra, norberaren barruan motel eta kanpoan bat-batean abiadura bizian, edo alderantziz, ona ala txarra, zein egoeratan harrapatu gaituen aurreko urteko inongo aurreikuspenek asma ezin zezakeen honek guztiak, zeure egoera zehatzaz harago nola eragiten ari zaizun zure inguruneak, jendarteak, munduak har dezakeen norabide bat ala bestea. Asko gertatu da, gertatu zaigu, epealdi laburrean; aldi berean, atzera begiratuta, aurten Covida besterik ez dugula izan ematen du, mundu-mailako pandemia, heriotza masiboak –eta bakartiak–, itxialdia, urruntze soziala, mugikortasun- eta harreman-murrizketa, etxeratze-agindua, bizimodu birtual orokortua, maskarak… distopiara, surrealismora, eskizofreniara moldatu behar etengabea. Eta, hala ere, beste ehun mila gauza gertatu dira, gertatu zaizkizu, ez delako egia mundua inoiz gelditu zenik, beldurrak edo ziurgabetasunak edo unadurak edo denek batera pertsonok zinez isolatuta eta paralizatuta utzi gaituztenik, ezta une latzenetan ere. Gauza on askoak ere jazo dira, jazo zaizkigu, eta, paradoxikoa badirudi ere, agian aurten inoiz baino gehiago gai gara ohartzeko, estimatzeko, sendotzeko; kapaz, datorrenari begira, jantzita daramatzagun maskarei baino, aurten erori direnek agerian utzi duten guztiari erreparatzeko eta aurre egiteko.