GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Erregeen erregalua


Atzo, neguaren atzerapena izanik, kosta zitzaion, bai, goizaren argitasunari esnatzea. Argi xumexka mendien lepoetatik seinalaturik zetorrenerako, goizeroko zozokantarik eta beste txoritxoen txio-txintarik ez zen sumatzen inongo alderdi eta aldapatan.

Baina, non ziren, hortaz, goiztiriko erregalia berriak? Ez zen garbi ikusi ahal izateko aire xirrara... baina bazebilen zeozer asmatzen zaila, sumatzen misteriozkoa. Baina, nola adieraz liteke, ez soinu segidakorik, ez danbar kolperik, ez ilunetik argitzerako saltorik, inolako koskarik ez daraman gelditik geldiagorako misterio hain leun hori?

Herenegungo zortzi minutuxkako aroalditxo hain berexia nahi nizueke seinala. Begira: eguzkia zen nagusi, xume, argitsu, baina bero ezin disimulatua nola apalduko... «Arratseko ordu bietan pozik habil horratio!», xuxurlatu nion, irri gozoxka zeridala, torretxori lagun apal bat belaun saltoka arrimatu zitzaidanean, mami puska eske etorri ohi zait eta...

Baina, hara misteriotxoa: terrazako nire termometro idazleari begira nenbilen: eta hara! Zazpi minuturen koxkan, papereko sei gradu pasa igo zituen tinta-marratxoak, beroalditxoa nonbait! Eta zazpiko salto horixe jaitsi bertan beheraxka, hurrengo bost eta erdiak pasatzerako.

Termometroak bai jakin, eguzki jaunaren lezioa!