11 ENE. 2021 ZIRIKAZAN Diferentziaren desordena Josebe EGIA Ederra egin nuen behin Bilboko Aste Nagusian: eguerdian etxetik atera, egundoko parranda egin, kristoren aitzurra harrapatu, eta biharamuneko eguerdira arte etxera azaldu ez, inori deitu gabe, beste inorengan pentsatu gabe. Ni neu ederto batean ibili nintzen; gurasoek, aldiz, bihotzekoak emateko zorian bizi izan zuten, abisatzeko deirik ez egitea ez zelako ohikoa niregan, neskato arduratsua nintzelako oro har, niri buruz ezer ez jakiteko arrazoiren bat egon behar zelako eta hori duda barik ezbeharren bat izan behar zelako. Etxera ailegatu nintzenean, kanpoaldea ezin zarpailduago eta barrena ezin beteago, hura drama pairatu genuena denok: nire zorionak aurpegia txikitzeko gogoa besterik ez zuen eragin aitarengan, eta bi-hiru egunez ez zidan hitzik egin; amak lotara joaten utzi gabe denbora luzez egin zidan galdeketari Mossadekoek eurek ere inbidia izango liokete, zorroztasun irmo hari. Behin egin nuen halakorik, neure gozamena eta ez beste ezer ez beste inor gogoan, eta ondorioak argi geratu zitzaizkidan: kezka, beldurra, disgustua, gaitzespena, haserrea, oinazea… ingurukoengan. Orduan ohartu nintzen argi eta garbi zein diferente begiratzen zaien nesken eta mutilen ardurarik ezari, hanka-sartzeei, hutsegiteei, zer esanik ez gaiztakeriei. Izan ere, nik behin egin nuen hori nebak etengabe egiten zuen, “desagertuko” bazen behintzat etxean jakinarazteko behin eta berriz esaten bazioten ere, hark baietz esan eta hurrengoan berdin egiten zuen, gogoak ematen ziona, alegia. Bada, jarrera hark beste kontu garrantzitsu bat erakutsi zidan: zein diferentea den, txiki-txikitatik, neskongan eta mutilengan sortzen den sentipena gure ardurarik ezaren, hanka-sartzeen, hutsegiteen eta gaiztakerien ondorioei dagokienez, besteei eragin diezaiekegun minari dagokionez, zehazki; eta zein diferente zigortzen zaigun batzuoi eta besteei min hori saihesteko ezer ez egitea, norberaren nahia lehenestea eta, gainera, horregatik kontzientziako harrik ez izatea. Oso gazterik irakasten zaigu mutil arduragabeek, “bihurriek”, eta halako neskek ez dutela leku bera gizarte honetan, eta, besteak beste, mutilak gizon bezalaxe, neskak horren arabera bihurtzen gara emakume: gogoa mugaturik, besterenganako kezka eta erantzukizuna beti pizturik, gaizto ez sentitzearren lehentasunak erabat desordenaturik. Diferentzia horrek batzuen zein besteen bizimoduak eta jendartea bera zein mailataraino determinatzen dituen, ordea, ez gaude behar bezala jabetuta, ertzetatik aztertzen segitzen dugulako.