Hirietako trafikoa eta haurrak
«Bilboko trafikoa eskolak hasten direnean zapuzten da; ordura arte ondo ibiltzen gara, baina umeen busak hastean, akabo», esan zidan duela urteak taxi-gidari batek irailean, eta ez dut inoiz ahaztu. Ikastetxe publikoetan lanean urteak eman eta gero, busez ibili naiz umeekin: urteko txangoa, astean behin piszinetara... eskola baten eguneroko garraioa ere ezagutu nuen, ikasle batzuek etxetik bi kilometro baino gehiago zutelako D eredu gertukoeneraino, baina salbuespena izan da beti eskola publikoek umeak garraiatzea, oso baldintza zorrotzak (batzuetan zorrotzegiak) ezarri dituelako Hezkuntza Sailak horretarako.
Hala ere, arrazoia zuen taxilariak, trafikoan argi sumatzen da noiz hasten diren umeak eskolan, busak direla eta. Hobeto doaz busez banakako autoetan baino, hala da. Hobe da umeak bakarrik joatea, bakoitza heldu batekin joatea baino; ados gaude. Autobus barruan segurtasun neurriak daude, egia da: uhalak, hezitzailea...
Baina zer dela eta behar dugu horrenbeste eskola garraio? Nora ote doaz? Esango dizuet: etxetik gertu ez dauden ikastetxe pribatuetara doaz, egunero, milaka ikasle EAEn. Ikastetxe horiek, gehienak, itunduak daude, beraz, zonifikazio bati lotuta egon beharko lukete, baina ez. Egunero gutxienez Araban 33 autobusek, Gipuzkoan 81ek eta Bizkaian 358k Haur eta Lehen Hezkuntzako umeak (2-13 urte bitartekoak) ikastetxe itunduetara eramaten dituzte, autobus horietako 82 gutxienez Bilbotik pasatzen direlarik. Ikastetxe horietako asko hiriguneetan kokatuta daude.
Egunero ordu bat edo bi autobusean eserita eman behar izateak ez dirudi oso atsegina barruan doazenentzat; era berean, gainerakoentzat, egunero eskolara joateko orduan kaleak trafikoz eta kutsaduraz gainezka izatea oso txarra da, espaloiak autobusen zain daudenek oztopatuta aurkitzea gehiegikeria da, energia xahutzeari buruz zer esanik ez; hori guztia diru publikoz sustatzea ez al genuke zalantzan jarri behar?
LOMLOEk berak jasangarritasuna, inguru hurbilarekin harreman osasuntsua eta hezkuntza komunitate zabalak aipatzen ditu, 110. artikuluko oso paragrafo dotoreetan; gure lege propioak idazteko ahalmena lortu bitartean, U30 Aldaketaldian eta antzeko ekimenetan jar ditzagun indarrak eta konfiantza, eta, noski, indartu dezagun Euskal Eskola Publikoa. Denok aterako gara garaile.