01 FEB. 2021 ZIRIKAZAN «Jarri eta kendu» politika miserablea Josebe EGIA Ederki azaldu zuen Zygmunt Bauman filosofoak “Liquid Modernity” (modernotasun likidoa) liburu ezinbestekoan; ezinbestekoa egungo jendarteetan, Mendebaldekoetan, gertatzen diren kontu asko zertxobait hobeto ulertzeko. Laburbilduta, haren esanetan, gure jendartea kontsumokoa da, oraingo unearen zalea, utilitarista, ziurgabetasunez eta konfiantzarik ezaz betea, ahula giza harremanen sarea eraikitzeko orduan. Ezagun egiten zaizu, ezta? Abiadura, ezinegona, antsietatea, norberaren moldagarritasuna ahitu arte ustiatu behar dugulako sentipen hori… gizarte honetan txertatuta bizi zaren heinean. Izan ere, likidotasun hori, esan nahi baita etengabeko aldaketa eta iragankortasuna, bizitzako arlo orotara zabalduta dago, noski; besteak beste, jendartearen zutabe funtsezkoenetara, hezkuntzara, hain zuzen, umetan ez ezik helduaroan ere elikatzen gaituenera: haren uretan, ezagutzaren prozesua jada ez da ezagutzak betiko gureganatzea, baizik eta jakingarriei une bateko erabilera ematea, baliatu eta botatzekoa, une konkretu eta amaikor batera mugaturik, norberarentzako komenigarritasunaren arabera betiere. Azkenean, askotariko irakaspen horien guztien oinarrian diren giza balioei etekinen ikuspuntutik begiratzen diegu, norbanako jakin bakoitzak berarentzako baliagarritasunetik, denon ongizaterako baliotasunetik baino gehiago. Horrexegatik azaleratzen edo ezkutatzen dira –ziur jokabide hau askotan ikusi izan duzula ingurukoengan, are zeure buruarengan ere–, norbere unearen eta egoeraren eta ekintzaren eta hartzailearen eta, finean, norbere azken xedearen arabera, elkartasuna, begirunea, kalteberen babesa, laguntasuna, konpromisoa, besteren zaintza, denontzako eskubide berdinen aldarrikapena eta beste hainbeste. Egungo gizarteak, egun hedaturiko hezkuntzak, horixe erakusten eta bultzatzen duelako: dena, den-dena, jar eta ken daiteke; ezer ez da, kostata finkaturiko giza eskubideak eta guztion inklusiorako adostasunak barne, mugiezina; zuk eta zure lakoek defendatzen duzuen hori beste batzuek gaitzetsi egiten dute, eta, lehia horretan, giderrak eskuetan dituenaren borondatea nagusituko da, gehiengoaren, alegia demokraziaren, izenean. Politikan, horren guztiaren erakusgarri-ale penagarriak ikusten ari gara, jendartearen funts eta bereizgarri mugiezinak izan beharko liratekeen balioak, lorpenak, irakaspenak eta jomugak baztertzekoak, hain zuzen Baumanek 2000n aipaturiko ziurgabetasunaren hazkundearen urrezko garai honetaz baliatuta.