GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ertzaintzaren gehiegikeriak ezin du babesik izan


PCB enpresak 83 langile kaleratu zituen, atzo, Barakaldon eta Sestaon dituen lantegietatik. Langileek protesta antolatu zuten eta Ertzaintza bildutakoen aurka oldartu zen. Erasoan CCOO ordezkari Javi Gomezi sudurra hautsi zioten, eta berehala zabaldu ziren sare sozialetan erasoa agertzen duten irudiak. Horietan ikusten den indarkeria bakarra Ertzaintzarena da. Irudiotan agente batek sindikalista zuzenean aurpegian jotzen du polizia-makilarekin. Buruan halako kolpea emateak ez dauka justifikaziorik, ezta Ertzaintzaren barne arauetan ere. Horrela agertzen da Gasteizko Gobernuak 2013. urtean Parlamentura bidalitako erantzun batean. Lakuak dio polizia-makila «besoaren luzapen gisa» erabiliko dela «balizko erasotzaileak urruntzeko». Soilik egoera jakin batzuetan jotzeko arma gisa erabili behar dela eta espresuki buruan ez dela jo behar esaten du.

Ez da Ertzaintzak buruan eman duen kolpe bakarra izan. Azken egunotan Donostian ere kargak egon dira eta horietako batean Nahuel Gomezi masailezurra hautsi zioten pilotakada batekin. Kasu horretan, arduradun politikoek Ertzaintzaren jokabidea justifikatu zuten eta polemika handia piztu da. EAJren hainbat bozeramaileren esanetan, gazteen parrandarako gogoak eragin du arazoa. «Mozkorra borroka» terminoa ere asmatu dute beren tesia indartzeko. Baina atzokoa ikusita, gero eta argiago dago arazoa ez direla gazteak, ezta langileak ere, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra baizik. Jendearen eta lekuaren arabera oso era ezberdinean kudeatzen ditu egoerak: kasu batzuetan eskatuz eta errukiz, eta beste batzuetan, egurra banatuz. Eta bi jokabide horien atzean erabaki politikoak daude.

Oraingo honetan arduradun politikoak ez dira Poliziaren indarkeria justifikatzen hasi, eta Ertzaintzak atzo bertan abiatu zuen ikerketa. Bada zerbait, baina jokaera batzuk aldatzen has daitezen, gertatutakoak ondorioak izan behar ditu. Ertzaintzak ezin du indarra neurrigabeki erabiltzeko babesik izan.