GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Beste kolpe bat euskal burujabetzari


Iragan urtarrilaren 28an egin da publiko Espainiako Konstituzio Auzitegiaren ebazpen bat, zeinak Gasteizko Legebiltzarrak onartutako 3/1998 Ingurumen Legeko 3.4 artikulua «inkonstituzional eta baliogabe» bezala adierazten duen. Aipatutako artikuluak «lege hau betearaztea eskatzeko ekintza, bide administratibo nahiz juridikotik, publikoa izango da» dio; hau da, arlo honetan eta epaitegietan “herri ekimen” modura aritzeko aukera ematen du.

Ebazpen honen jatorria Gipuzkoako Errauskailuari lotuta GuraSOS elkarteak jarritako errekurtso batean aurkitzen da. Errekurtso horren tramitazioan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak epaibiderako GuraSOS elkartearen legitimotasunik eza defendatzen zuten. Beraz, esan daiteke epai hau atera zedin Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena eta babesa ezinbestekoak izan direla.

Gipuzkoako EH Bilduk jokabide kezkagarri eta atzerakoi gisa baloratzen ditugu EAJk eta PSEk osatzen duten aldundiaren erabaki hauek, nagusiki hiru arrazoirengatik.

Lehenengoa gardentasunarekin lotutakoa da. Gipuzkoako errauskailuarekin lotutako ingurumari guztiak ezkutukoak eta argitasun gutxikoak izaten ari dira; horren adibide, aste honetan erraustegiaren instalazioen egoera fiskal nahiz legala argitzeari buruzko txostenak egiteko EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen eskakizunari Batzar Nagusietan eman zaion ezezkoa. Diru publikoaren erabileraren gaineko argibideak ematea ordezkari politiko guztien ezinbesteko betebeharra izanik, larria iruditzen zaigu erraustegiaren kasuan aurkitzen dugun gardentasun falta. Kudeaketa ikuspegitik, praktika desegokiak egiten ari diren susmoa zabaltzen dute horrelako portaerek.

Bigarren arrazoia gobernantza ereduarekin lotutakoa da. Gobernuen jarduna fiskalizatu eta jarraipena egiteko, herri ekimenek justizia ekinbideetan parte hartzea demokraziaren zabalpenean eta berau sakontzeko norabidean beste pauso bat bezala ulertzen dugu EH Bildun. Kezkaz ikusten dugu herritarrak aktore pasibo modura kontsideratzea eta beraien eskubide zibil, politiko eta sozialen edozein murrizketa bultzatzea gipuzkoar erakundeetatik. Jendarte zibil antolatu indartsu bat erakunde demokratikoagoak izateko bultzada dela sinisten dugu, eta beti egongo gara eskubideak zabaltzearen eta herritarren parte hartze aktiboa sustatzearen alde.

Eta, azkenik, baina ez garrantzi gutxiagorekin, arrazoi politikoak leudeke. Gasteizko Legebiltzarrak onartutako lege baten aurka egiteko espainiar epaitegietara joatea Euskal Herriaren burujabetzaren aurkako pauso bezala ikusten dugu. Alderdi interesengatik euskal erakundeen botere legegilea zalantzan jartzea akats estrategiko bat da ikuspegi abertzale batetik. Ikuspegi abertzaletik diogu, euskal legeen aurka egin duena EAJk gidatutako Gipuzkoako Foru Aldundia izan delako, izenez behintzat burujabetzaren aldeko indar politiko bat. Tamalez, eta beste behin, alderdi batzuen epe motzeko onurak lehenetsi dira, euskal erakundeen legitimitateari eta burujabetzari beste kolpe mingarri bat ematearen kontura.