EDITORIALA

Iritzi-delituek Zigor Kodetik kanpo behar dute

Pablo Hasel rap abeslaria iritzi-delituagatik kartzelatu izanak haserre oldea piztu du eta istiluak sortu dira Katalunian eta Estatuko hainbat hiritan. Baina ika-mika Poliziarekin izandako liskarren ingurukoa da orain hedabideetan. Beste behin ere, erretako edukiontzien inguruko polemika horrek ezkutatu egin du istilu horien guztien arrazoia iritzi-delituak kartzelarekin zigortzeko sortutako legedia dela. Bidegabekeriaren aurrean haserrea adierazteko beste biderik uzten ez denean sortzen dira horrelako egoerak. Komunikabide nagusien isiltasuna da horren lekuko. Haselen espetxeratzeak bere baitan dakarren adierazpen askatasunaren aurkako erasoak munduko gauza normalena zirudien istiluak sortu diren arte.

Estatu espainolean iritzi-delituek oso esparru zabala hartzen dute: erlijio-sentimenduak iraintzea, antzina biraotzat jotzen zena, Koroaren edo Estatuko erakundeak iraintzea eta terrorismoa goratzea delituak. Errepertorio zabala, boterearen –zibila zein erlijiosoa– aurkako edozein kritika mota isilarazteko. Bada garaia gertakariaren inguruko liskarrak albo batera uzteko eta arazoaren muinari heldu eta konpontzeko; hau da, iritzi-delituak Zigor Kodetik ezabatzea. Kongresuan badago horretarako gehiengo nahikoa, iritzi-delitu bategatik beste inor kartzelara joan ez dadin lanean beharko lukeena.

Bestalde, atzo, Esan ertzainen sindikatuak Ernairen aurka kereila bat jarri zuen kartel batzuengatik, gorroto-delitua leporatuta. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak zehaztu bezala, kolektibo kalteberen aurka egiten den delitua da, eta hori ez da Poliziaren kasua; borradunak ez dira inola ere talde kaltebera. Poliziak «Mozal legearekin» aski ez eta gorroto-delitua era okerrean erabiltzen saiatzen dabiltza etengabe. Behin iritzi-delituekin hasita, Kongresuko gehiengoak ondoren «Mozal legea» ezabatuz eta gorroto-delitua argiago zehaztuz jarrai dezake, oraingo honetan legealdia bukatu baino lehen.