Igor Nabarro Brea
Izanez elkarteko presidentea
KOLABORAZIOA

Emakumeak eta gizonak: izatez eta eskubide osoz

Gizaki guztiok –salbuespenik gabe– izaki sexuatuak gara; gure gizatasunaren dimentsio bereizezin hori gurekin batera doa, eta garatuz doa etengabe, jaiotzen garenetik hil arte. Disfuntzionalitate organikoren bat daukagun gizon eta emakumeok ere errealitate bera bizi dugu. Eurak/geu ere badaude/bagaude sexu-dimentsio horrek eraginda, mugatuta, baldintzatuta...

Hori eztabaidaezina den arren, jakin badakigu –batez ere, emakumeok– zer den gizartearen zati batek, instituzioek edota gizarte-mugimenduek ere gure dimentsio sexuala ez ezagutzea, susmo txarra hartzea eta ukatzea –bere osotasunean edo bere zenbait aldetan–. Hori gertatzen da, maila batean edo bestean, arrunta edo normatiboa den horretatik edo, egunero entzuten dugun moduan, «normala» den horretatik aldentzen garelako.

Gizakion historian zehar, ia kultura guztietan eta gaur arte, «legitimo, onargarri eta funtzionaltzat» jotzen denarekin bat ez datozen organismoak dauzkagun emakume eta gizonok burla, mespretxu eta gaitzespenak jasan ditugu gure gorputzen edo beren adierazpenen aurka.

Gure identitate sexuala eta sexualitatearen adierazpenarekiko errespeturik eza eta ukazioa esperimentatu dugu, eta jasaten jarraitzen dugu, konfigurazio organiko (gorputza eta burua) anitz eta ezberdinekin jaio ginelako, edo horiek aldatu dituzten gertakari eta prozesuetatik igaro garelako.

Aurrerapen zientifiko eta gizarte-garapenaren hirugarren milurteko honetan ere (edo atzerapenarena ote da?) gure dimentsio sexualaren garapena eskasa dela entzuten jarraitzen dugu, bai eta txarra, desegokia, hutsala edo mespretxagarria dela ere. Hitzez, egitez edo ez-egitez –pekatu bat balitz bezala– ukatu gaituzte, eskubide osoko emakume eta gizon errealak ez bagina bezala.

Hori dela eta, ez dugu beste alde batera begiratuko transexualitate egoeran dauden emakume eta gizonen sufrimenduaren aurrean, beren identitate sexuala aintzat ez hartzeak, mespretxatzeak eta ukatzeak eragiten duen sufrimendu eta amorrazioaren aurrean. Giza aniztasunaren aitortza, errespetua eta babesa nahiz diskriminazio, biolentzia eta bazterketaren amaiera bultzatzen duen lege bat oztopatzea begirune falta horren azken isla da.

Ez dugu beste aldera begiratuko, gure oinarrizko eskubideen aurkako erasoak horien egoeran islatuta ikusten baititugu.

Ez dugu beste aldera begiratuko; izan ere, askotan, ikusezin bihurtzen eta ukatzen dituztenak gu gutxiesten gaituzten eta «emakume baino gutxiago bagina bezala edo emakume osagabe» gisa hartzen gaituzten pertsona berberak dira...

Ez dugu beste aldera begiratuko, haiekin partekatzen ditugulako bazterkeria- eta diskriminazio-egoera batzuk, gure gorputzak eta buruak ez ezagutzeak, aintzat ez hartzeak edo ez onartzeak eragindakoak (isekak, jazarpena, indarkeria, isolamendua, bazterketa, gizarte- edo lan-bazterketa, etxebizitza-arazoak, etabar).

Eta ezin dugu beste aldera begiratu, batez ere, gure dimentsio sexuala mespretxatzea eta gure izate sexuatua ukatzea, hau da, garen eta garela dakigun emakume eta gizonak, gure gizatasunaz gabetzen saiatzeko modu basatia delako, eta desgaitasun-egoeran dauden emakume eta gizonek nahiz transexualitate-egoeran daudenek etengabe egiten diogu aurre deshumanizazio horri.