GARA Euskal Herriko egunkaria
2.000 HEKTAREA ERRETA

Sute «kriminalaren» kontra salaketa jarriko dute Lapurdiko auzapezek

Asteburuan Nafarroan, Lapurdin eta Gipuzkoan 2.000 hektarea inguru erre zituen suteak Beran izan zuen jatorria, baina suak kaltetutako Lapurdiko herrietako auzapezek «kriminaltzat» jo dituzten beste lau su-pizte ere izan ziren. Hori dela eta, salaketa jarriko dute, bakoitzak bere aldetik. Mugaz gaindiko elkarlana galdegin dute auzapezek.


Lapurdin Larhun eta Xoldokogaina eremuetako 750-800 hektarea inguru erre zituen suak. Bera abiapuntu izan zuen suteaz gain, beste lau tokitan ere sua nahita piztua izan zela azaldu zuten atzo hautetsi lapurtarrek Euskal Elkargoak Urruñan daukan egoitzan eman zuten prentsaurrekoan. Agerraldian suteak eragina izan duen Lapurdiko bost herrietako auzapezak elkartu ziren, Sarako Battitta Laborde, Urruñako Filipe Aramendi, Azkaineko Jean-Louis Fournier, Biriatuko Solange Demarcq-Eguiguren eta Ziburuko Eneko Aldana. Alkateek beraien udalen izenean salaketa jarriko dutela baieztatu zuten, eta bide horretan ikerketak bat eginen du Fiskaltzak lehenagotik abiatu duenarekin.

Elkarlanak izan behar duen papera ere nabarmendu zuten auzapezek, horrelakoak berriz gerta ez daitezen. Bide horretan herriko etxeen arteko harremanetan bezala, mugaz gaindikoaren garrantzia ere azpimarratu dute. Horren erakusle, bertan izan zen Euskal Elkargoan horren ardura duen Joseba Erremundeguy ere. Eragileen eta hautetsien arteko «elkar ezagutza elkarlanerako lehen urratsa» dela ziurtatu zuen, eta jada alkateen arteko harremana ematen ari dela ere azaldu zuen.

Ildo horretan abian den Gure Mendia programa aipatu zuten, eta suteak bioaniztasunean izan duen eragin lazgarria nabarmendu. Haien «haserrea» eta «tristezia» agertuz, gogora ekarri nahi izan zituzten erretako eremuak lantoki dituzten pertsonak, baita turismorako eta aisialdirako gune direla ere.

Mendialdean nahita piztutako suak anitzetan luberria egiteko izan ohi direnez, larunbatean Beran jatorria izan zuen suteaz gain detektatu diren beste lau puntu horiek xede horrekin piztu ote ziren zalantza hedatu da, baina bost auzapezek aho batez eta fermuki adierazi zuten asteburukoak ez zirela sasi erreketak izan. Aramendik argiki baieztatu zuen: «Sute kriminalak izan dira, ez da beste hitzik. Ongi barneratu behar da ez dela laborari edo abeltzain batek egina, eta argiki salatu behar da».

Nahita eragindako suteak

Abeltzain eta laborarien aldeko mezua zabaldu zuten, profesionalek larunbatean zegoen eguraldiarekin surik piztuko ez zutela azpimarratuz. Sasi erreketak egiteko baimena eskatu behar da, eta egun horietarako ez zen inolako eskaerarik izan.

Beratik heldutako suteaz gain, Urruñan Ziburumendin, Azkainen Trabenian bi puntutan eta Saran Larhungo tren ttipiaren ondoan sua nahita piztua izan zela baieztatu zuten auzapezek. Bereziki deigarria da azken sute hori, larunbatean 19.00etan piztua izan baitzen.

Horrelako suteak, orain arte bezala, hemendik goiti ere izanen direla aitzinatuz horri aurre egiteko plangintza eta elkarlanaren beharra azpimarratu zuten hautetsiek, pentsaketa orokorra eramatea behar-beharrezkoa dela gaineratuz, gune ezberdinetan praktika ezberdinak eta antolaketa ezberdinak direla kontuan izanik ere.

Elkarlanak gerora begira izan dezakeen baitezpadako papera azpimarratzeko nahiarekin Ziburuko auzapezak datu deigarri bat nabarmendu zuen: Ziburumendin hamar urtero sute bat izaten da, eta aldiro-aldiro berriz zuhaitzak landatu behar izaten dituzte. Gogoan izan zituen 2002an eta 2012an izan ziren suteak.

Adierazpenak

«Suak erakutsi digu ez dagoela mugarik. Gure kideekin lan egin behar dugu»

FILIPE ARAMENDI

Urruñako auzapeza

«Antolaketa berriz pentsatu behar dugu. Eremu zabala da, eta gauza anitz gurutzatzen dira. Suaren kontrako protokoloak berraztertzea beharrezkoa da»

BATTITT LABORDE

Sarako auzapeza

«Kudeaketa amankomuna behar dugu, bai herriko etxeen artean, bai mugaz gaindi ere»

SOLANGE DEMARCQ-EGUIGUREN

Biriatuko auzapeza