GARA Euskal Herriko egunkaria

Ikastolek proposamena egin diete eragileei

«Biharko euskal hezkuntza sistema gaurtik eraikitzen hasteko» ekarpena aurkeztu dute ikastolek, euren ustez sistema horrek behar dituen oinarriak biltzen dituen dokumentua. Euren komunitatearekin soilik ez, beste hezkuntza eragileekin, administrazioekin eta alderdi politikoekin lantzeko proposamena da. «Elkarlanerako borondate handia daukagu eta eztabaida marra gorri gutxirekin edo batere gabe egin behar da», azpimarratu dute.


Zein da gure herriak behar duen hezkuntza eredua? Eta zein da horrek eskatzen duen sistema? Ikastolen iritziz, eragile guztiek egin behar dute esfortzu berezi bat galdera horri erantzun bateratu bat emateko, «marra gorririk gabeko» eztabaida zabal eta sakon baten emaitza bezala.

Eztabaida horri egindako ekarpen gisa, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak “Bihar, Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien endekalogoa” aurkeztu zuen atzo, Irungo Ficoba erakustazokan egindako batzar nagusian. Ikastolen mugimendua osatzen duten 111 ikastoletako ordezkariak bertan zirela, Euskal Herri luze-zabaleko hamabost ikastolakideren artean aletu zituzten proposamenaren hamaika oinarriak.

Oinarri horiek hiru bloketan banatzen dira: printzipioak (unibertsala; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; Euskal Curriculumetik eraikia eta Euskal Herria osotasunean landuko duena); hezkuntzak landu beharreko balioak (hezkidetzan oinarritua; laikotasunean heziko duena; ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua, eta inklusiboa) eta hezkuntzaren antolaketa (gobernantza demokratikotik antolatua; ikastetxeei autonomia aitortuko diena, eta publiko-herritar eredutik sortua).

Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak GARAri adierazi zionez, plazaratutako dokumentuak bi jasotzaile ditu. Alde batetik, barrenera bideratua dago, ikastolen komunitatera. Hurrengo hilabeteetan ikastolaz ikastola lantzeko asmoa dute. Bigarren jasotzailea administrazioak, alderdi politikoak eta hezkuntza eragileak dira. «Bereziki momentu politiko honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hezkuntza lege berri bat aurrera ateratzeko aukera dagoela ikusten dugu eta ausardia eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari, alderdiei eta eragileei, nahi eta behar dugun hezkuntza ereduaren inguruan adostasun sozial berri bat eraikitzeko», azpimarratu zuen Tellituk. Legeari buruzko eztabaida sakon eta mamitsua nahi dute ikastolek, eta batez ere horretarako giro ona, «gakoa izango baita eragile guztiek onena ematea, elkarrekin».

«Publiko-herritar eredua»

Aipatu dugun bezala, dokumentuaren puntu batean, antolaketaren blokean, hezkuntza sistemak «publiko-herritar eredutik sortua» izan behar duela azaltzen da. Azken urteetan mahai gainean dagoen ideia nagusietako bat da. «Gure ustez, ikastetxe batek eredu horren barruan egoteko honako ezaugarriak bete behar ditu: euskal gizartearen izaera parte-hartzaile eta kolektiboan oinarritua egotea; publikotasun eredu berria eraikitzea, titulartasunari baino, publiko-herritar harremanari kasu eginez; irabazi asmorik gabeko herri proiektua izatea; gizarte ekonomian kokatua; eta hezkuntzaren arloan ongizate-estatuaren oinarrizko helburuekin bat egitea», agertu du Tellituk.

Urteak daramate ikastolek publikotasun berri batera joan behar dela defendatzen, eta aurkeztutako endekalogoan euren proposamena jasotzen da, gainerako eragileekin lantzeko.