GARA Euskal Herriko egunkaria

Greba deitu dute apirilaren 22rako EAEko sektore publikoan

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek greba eguna deitu dute apirilaren 22rako EAEko sektore publikoan. Langile publikoek «behin-behinekotasunaren abusua» salatuko dute eta «enplegua bermatzeko negoziazio kolektiboa aktibatzea» ere eskatuko dute.


Enplegu publikoa sortu eta aldi baterako enplegua zein behin-behinekotasuna pairatzen duten langileak egonkortzeko unea dela adierazi eta greba eguna deitu zuten atzo apirilaren 22rako EAEko sektore publikoan ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek.

EAEko administrazioan langileen egoera «gero eta kezkagarriagoa» dela eta Lakuako Gobernua zerbitzu publikoak «kontzienteki ahultzen ari dela» gogor salatu zuten aipatu sindikatuek. «Enplegu publikoaren suntsiketa, ezegonkortasuna eta lanpostu publikoak sortzeko borondate eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan baldintzetan», azaldu zuten.

Administrazioan dauden behin-behinekotasun mailak «onartezinak» direla azpimarratu zuten, eta egoera hori gobernu ezberdinek urteetan zehar hartu dituzten erabakiek eragin dutela gaineratu. Azken urteotan deitutako lan eskaintza publikoak nahikoak ez direla esan zuten eta programa-kontratuekin edo zereginak metatzeko kontratuekin egiten den «iruzurra» salatu zuten. Ildo beretik, plantillak handitzeko, egungo ratioak hobetzeko, lan kargak murrizteko eta lan kargak oraindik araututa ez dauden eremuetan behingoz arautzeko beharra ikusten dute sindikatuek.

Egoerari aurre egiteko negoziazio kolektiboa aktibatzea «ezinbestekotzat» jotzen dute sindikatuek eta hainbat eskakizun egin dizkiete erakundeei: orain mahai gainean dauden lege-proiektuak aldatzea, «nahikoak ez direlako eta ez dutelako enpleguaren kontsolidazioa bermatzen»; kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzeari berehala amaiera ematea; uneotan martxan dauden lan eskaintza publikoko prozesuek kolektibo bakoitzaren premiekin bat datozen neurriak barnebiltzea; administrazio arloko pribatizazio eta esternalizazio politikekin amaitzea; plantillak gaztetzeko eta aurretiko erretiroak sustatzeko plan bat martxan jartzea...

Mobilizazio dinamika

EAEko erakunde guztiak interpelatu zituzten sindikatuek, «Jaurlaritzatik hasi eta azken udaleraino, bai eta erakunde horietan ordezkaritza duten indar politiko guztiak ere, beharrezko arau-aldaketak bultzatzeko ezinbesteko urratsak egin ditzaten, salbuespenezko kontsolidazio prozesuak gaitzeko».

Horiek horrela, ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek mobilizazio dinamika bateratu baten berri eman zuten: martxoaren 17an elkarretaratzeak deitu dituzte Lakuako Gobernuaren aurrean (Gasteiz), Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean (Bilbo) eta Donostiako udaletxearen aurrean, Alderdi Ederren. Apirilaren 22rako, berriz EAEko sektore publikoan greba eguna deitu zuten.