GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Udaberria bistoso


Horixe du bereizgarri: margoak, kolore distiratsu aldakortxo askotarikoak. Goizean ilusioz begiratzen diozu, atzoko ilunabarrean gustatu zitzaizuna argixeago eta koloretsuago iruditzen baitzaizu goizeko argi garbitan. Gainera, bezperako berotan, hostaje eta loreak ilunabarreko dizdiz umilean utzi bazituen ere, goiztirian distira punttuduna eman dio aire berriak, freskura lagun.

Halere, bada galdera agudo botatzen duen baserritarrik: «Baina, sasoi berritan sartu ahal ginen edo zer? Aurten negurik ez al dator?» Izan ere, garai bateko elurraldi eta saio zuritzaile haietatik beste giroetara pasa garela dionik bada, bai. Gabonetako eta Erregeetako elur saio lasai haren ostean, giro gozo tamaina onekoak dabiltza negu trankil bakeosoago honetan.

Lehenagoko honako esaera hauexek seinalatzen digute argi asko nolako beldurra zion artzainak eta baserritarrak elurte soka luzeari. Urri aurreratua zuen lehen bonbilla: eta ez edozein egun, urriko ilberria. Begira zeinen ederki seinalatzen zigun: «Urriko ilberrin, elurre Aizkorrin./ Urriko elurra, bost hilabeteko elurra./ Urriko ilberrian elurra ageri bada, zazpi hilberritan ikusiko da./ San Miel ilberriko elurre, neguko eta maiatzerainoko elurre».

Iazko urriak, euritan ongi portatu bazen ere –250 litro Urbiako aldeotan– eskerrak elur usainik ez zuen ekarri. Hego haize zakarraldia bai, orain bertan aurreko astean temati bisitatu gaituenaren antzera.