GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Sari guztien gainetik, sasi guztien azpitik


Berri pozgarrien dosi batzuk, nahiz eta txikiak izan, beti ongi etorriak dira, batez ere orain bizi ditugun garai mugitu hauetan. Eta sormena, kemena eta elkarlana berri horiek osatzeko erabili badira, are eta kitzikagarria albistea. Euskaraz filmatutako “Ane” eta “Akelarre” filmek eskuratutako zortzi Goya sariak urte luzez euskal zinemako profesionalek egindako lanaren isla baitira. Elementuen aurka –eta ez gara soilik pandemiaz ari, ikus-entzunezkoak krisian murgilduta baitaude aspaldidanik– egindako lan eskergari, askotan erresistentzia modura eta artisau-eran, merezitako onespena iritsi zaio azkenean sarion bidez. Sari bat, era berean, euskararen ikusgarritasuni.

Halere, sasoi baterako sariek ekarritako alaitasun-apurrek gure kulturaren saltsa gozatzen jarraituko duten arren, poztasunaren aparra jaisten joango den heinean hausnarketarako zabalduko zaizkigun bideak probestu beharko genituzke. Ertz, behar, galdera eta kezka ugari baitaude tartean. Sormena serio hartzeko unea iritsi baita, guztiok desiratzen dugun euskal zinema industria sendoa bultzatu eta dirulaguntzen sistema berraztertzeko, profesionalen esku utzita.

Bestalde, gizartearen isla denez, zinema bera eztabaida da funtsean. Ikusleak mugiaraztea du xede; pentsatzen jartzea. Errepara dezagun, esaterako, “Ane” eta “Akelarre” filmek jorratutako gaietan: bata, 90eko hamarkadako euskal gizarte gatazkatsuari buruzko lana da; bestea, ipuin feminista bat, historiak baztertu eta zapaldutako emakumeen aldarrikapena. «Eztabaida» sor dezaketen gaiak izango lirateke, beraz; Altsasuko gazteen auzia edo Irungo Alardea bezala. Bada, EITBko zuzendariak, Andoni Aldekoak, esandakoaren arabera, euskal ikus-entzuleen “fabrika” nagusiak ez ditu gai «eztabaidagarriak» landuko.

Sari guztien gainetik, sasi guztien azpitik... agian Goya sariek eskaintzen dizkiguten ikasbideetatik ikasi beharko genuke. Demagun, noizko euskal zinemaren sariak? Goyei begira egon beharrean, Katalunian Gaudi sariak dituzte.