GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal erakundeek mugak berriz ere irekitzeko ekinbideak azkartu dituzte

Urte hasieran zortzi muga pasabide ixteko Pirinio Atlantikoetako prefeturak hartutako erabakiak ez du, gaur-gaurkoz, iraungitze datarik. Egoera ikusita, azken asteotan, zenbait erakunde eremutatik mugaz bi aldeetan bizi diren herritarrek pairatzen dituzten eragozpenak arintzeko ekinbideak azkartu dira.


Frantziar Estatuaren administraziopean bizi diren Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko biztanleek 2020ko martxoaren 17an konfinamenduari ekin zioten Parisek aginduta. Koronabirus arrotz batek eragindako pandemiaren aurrean mugen hestea izan zen bertze hainbat herrialdek bezala bai Parisek bai Madrilek hartu zuten lehenetariko neurria.

Iazko urtean zehar mugak ixteko agindu bi eman zituen frantziar Estatuak. Blokeo zorrotzena, erran bezala, martxoan egikaritu zen. Bigarrena, ordea, udazken aldera heldu zen.

Martxoaren 16arekin bat kontrolak ezarri zituzten muga pasabideetan. Handik hilabete batera, balkoitik balkoira ospatu zen Aberri Egunaren bezperatan, bederatzi pasabide txiki guztiz itxi zituzten.

Neurri batean, egoera bere onera itzuli zen mugaren eremuan deskonfinamenduaren garaian, oporraldiaren atarian. Zehazki, ekainaren 21etik aurrera, Bidasoaren bi aldeetako herritarrek beste behin ere zubiak libreki gurutzatu ahal izan zituzten zenbait hilabetez.

Lehenengo itxierak osasun egoerari erantzun bazion, bigarrena «terrorismoaren» aurkako borrokarekin lotu zuen Parisek. Frantziar hiriburutik gertu eta Euskal Herritik zeharo urrun gertatu zen Samuel Paty irakaslearen hilketari izaera «terrorista» aitortu eta berehala gaur-gaurkoz oraindik ere indarrean den kontrolak berrezartzeko erabakia gauzatu zuen Parisko Gobernuak iazko azaroan.

Bi kasuetan, mugen hestea agindu ondoren, oso baldintza zehatzak betetzen dituzten mugaz gaindiko herritarrek, edota garraiolariek, bakarrik izan dute muga aise zeharkatzeko aukera. Horrenbestez, udaberrian zein udazkenean indarrean emandako neurri murriztaileek hankaz gora jarri dituzte bizitza soziala, jarduera ekonomikoa eta oro har herritarren bizitzak.

Arauak denborak aurrera egin ahala aldatuz joan direnez, horrek oraindik ere nahasmen gehiago eragin du. Egoera salatzeko herritarrek hainbat protesta ekimen egin dituzte Izpegi, Lizarrieta eta Lizuniagako lepoetan, Baigorrin eta Irun eta Hendaia arteko zubietan. Izan ere, espainiar Estatuan zein frantziarrean pandemiak zerbait utzi du agerian: herritarren eskubideak noiz eta nola gauza daitezkeen Parisen eta Madrilen erabakitzen da.

Behin baino gehiagotan, bi estatuek Europara jo dute beraiek dituzten ardurak kanporatze aldera. Oraingoan, ordea, Bruselako arduradunek beraien kezka agertu dute. Finean, pandemia denboran mugen kudeaketari buruz estatuek hartu dituzten aldebakarreko deliberoek arriskuan jarri dutelako Europar Batasuneko ikurretariko bat den mugikortasun librea.

Egitasmoak garatzeko traba

Kezkak kezka, lehenengo konfinamendutik urtebetera, muga pasabideek itxita jarraitzen dute, horrek dakarren galera zehatz zein sinboliko guztiarekin. Horrela azaldu zuten asteartean egindako euroeskualdearen urteko batzarrean parte hartu zuten erakundeetako ordezkariek. Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria izan zen telematikoki egindako bileraren burua, eta Maria Chivite Nafarroako lehendakariak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak ere parte hartu zuen.

2020ko bilana egin eta hurrengo lan plangintza aurkezteko orduan, agerian jarri zuten mugaren itxierak EAEk, Nafarroak eta Akitania Berriak osatutako euroeskualdearen baitan landutako harremanetan eta proiektuetan izandako eragin kaltegarria. Oroz gainetik muga ixtearen ondorioak «Hegoaldearen eta Iparraldearen artean bizi diren herritarrentzat» izan direla agerikoak nabarmendu zuten Euroeskualdeko kideek. Foro horretan soilik ez, aurreko astean ere mugen itxiera malgutzeko eskatu zuten Bidasoaren bi aldeetako ordezkariek.

Herritarren mugimendua

Nafarroako Gobernuak bileraren ondoren jakitera eman zuenez, pasabideen itxiera arintzeko galdegin zion Sergio Perez Garciak, Nafarroako Kanpo Ekintzetarako zuzendari nagusiak, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari Atlantikoko Europa Hegoaldeko Erregioen Konferentzian.

Euskal erakundeetako ordezkariek agerian utzi zutenez, 2021eko urtarrilaren 14az geroztik indarrean den zortzi pasabideen itxierak «traba anitz» eragin dizkie Pirinioen bi aldeetan bizi diren biztanleei. «Lan edo familia arrazoiak tarteko lurralde batetik bertzera ibili behar duten herritarren mugimendua oztopatzen du neurriak, baita martxan diren mugaz gaindiko lankidetza proiektuen garapena bera ere», ohartarazi zuten.

Maleruski Lapurdiko eta Nafarroako hainbat herrik pairatu berri dituzten suteek era ezin lazgarriagoan utzi dute agerian mugen gainetik euskal lurraldeen arteko loturak sendotzearen beharra. Horrela aldarrikatu zuten Lapurdiko eta Nafarroako udal ordezkariek Beran eginiko bileraren ostean. Ildo beretik, Euskal Elkargoko mugaz gaindiko arduradun Joseba Erremundegiren gidaritzapean, mugaren itxierak herritarrengan izan duen eragin kaltegarria arintze aldera hainbat ekinbide egin ditu azken asteotan Ipar Euskal Herriko erakundeak, betiere muga inguruko herrietako auzapezekin adostasuna landuz.

Gaur egun mugaren inguruan 30 kilometrora bizi diren herritarrak ez dira baimenduak, ziurtagiria eskuan, alde batetik bestera igarotzera beharrezko jarduerak egiteko. Aldude, Zugarramurdi, Erratzu, Sara, Bera, Etxalar edota Baigorrin bizi diren lagunek kilometro gehiago egin behar dituzte egunero beraien herrietako pasabideak itxita direlako.

Hain zuzen ere, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko presidenteak mugaldeko hainbat auzapezen kezkak jaso ondoren eskutitza igorri zion iragan martxoaren 17an Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari.

Etchegarayk mugaz gaindiko harremanek duten garrantziaz ohartarazi zion Eric Spitz prefetari gutun horretan. Egun itxita dauden zortzi pasabideak lehenbailehen irekitzeko eskatu zion Euskal Elkargoko buruak. Hala ere, joan-jinen kopuruaren irizpidea aintzat hartuta, Izpegiko eta Lizuniagako lepoen irekitzeari lehentasuna ematea proposatu zion Etchegarayk estatu ordezkariari.