GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Utopia halakoak!


Idazle ospetsu baten pasadizoa etorri zait egunotan gogora. Uruguaitarra zen bera, eta ganoraz idazteaz gain zentzuzko analista politikoa ere bazen, izan. Hortaz, argi dago mahai baten bueltan analista politiko ari diren batzuk zergatik diren analista, gorputzaren zein partetik elikatzen duten euren pentsamendua adierazte aldera, edo...

Tira, jator haren harira! Gizartearen barru-barrutik egiten zituen gogoetak, eraldaketen beharrean ardaztuz. Bada, gogora etorri, bai! Behin batean esan zuen goizero altxatu eta bere utopia zerumugan ikusten zuela, eta berak urrats bi eginda utopia beste horrenbeste urruntzen zela... Kazetariak, zalantzati, zera galdetu zion: «eta orduan, zertarako balio du utopiak?» Eta Eduardok lasai erantzun: «utopia erdiesten ez bada ere ibilarazi egiten zaitu!».

Bada, nago ni, antzeko zerbait pentsatuko zutela egunotan abiadura handiko tren zer horren defendatzaile sutsuek. Azpiegitura horren utopia “ukopia” bihurtzen ari zaie, utopia batzuk ameskeria diren seinale. Hori bai, bitartean hondamena sortzen segitzen dute inguruan, ezagutzen ez den nonbait ondasuna sortuko dutelakoan. Horixe dakar ekonomiak, hondamenak eta ondasunak, espazio desberdinetan ekarri ere. Obra zibila eta herri-lana bereizi beharra, ezinbestean.

Total, enegarren aldiz, bost urte gehiago luzatu zaie epea, gutxienez betiere, epe horretan bi euskal hiriburutan ez baitu tren zer horrek geltokirik topatuko... bilatuta ere! Obra kontuetan izenak ez dauka beti izana. Ene, ene! Eta ibili badabiltza, bulegoz bulego, planoz plano, baina zerumuga beti urrun, ezkutuan, mendiko eukaliptoek ez baitiete hura ikusten uzten. Ez ninduke harrituko azkenean behiak izatea trenbidearen erabiltzaile handienak, bazka orduan behinik behin! Gernikako Estatutua gutxi izan ez eta orain Auskaloko Handikien Teorema. Utopia halakoak!