Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Itzulia bai, buelta eman

Aberri Eguna gaur. Eguna egutegiak dakar, abertzale izan edo ez, Aste Santuarekin batera ekarri ere, amen! Aberria nork berea, kanpoko eta barneko mugetan, mugak ulertzeko moduetan, helburuetan, helbideetan, kudeatzeko moldeetan, koloreetan, kantetan… zenbat buru hainbat aburu, zenbat belarri hainbat aberri! Nazioa batzuek eskatu, ukazioa beste batzuek eman… eta bedeinkazioa erregutzen duena ere bada, etengabeko errotondan… Gernikako Arbola eukalipto bihurtuta, lurrarentzat itolarri. «Ikusi mendizaleak plazak eta hondartzak mendi tontor batera ihes behar dugu…». Jendetza pasio-guneetan, ez gara hain onak benetan.

Baina garena gara, nazioa egiteko bidean ere. “Txoria txori” kantatzen ikusi beharko dugu ehiztarien kongresu baten hasiera ekitaldian. Denbora lekuko! Publikoa pribatizatzen ere lehendik dugu ikusia, hori progresuaren seinalea edo! Ama, ama! Euskararen itzultzaile neuronalak badu, izan, zertan berritu progresu horri “aurrerabidea” deitzen dionean. Noren neuronak diren jakin gura nuke. Total, harira! Euskaltel putreen askara doa, funtsean. Euskaltel-ebista laster ote? ETB2? Eta Euskalmet? Progresua progresu, ez ninduke harrituko hemengo eguzkia, ostarteak, erreka-haizea, zirimiria… burtsaratuko balituzte, ziklogenesiak, uholdeak, lehorteak… herri-poltsan utzita. Denbora lekuko!

Nago ni jeltzaleek sortuko duten hurrengo enpresa publikoak Auskal aurrizkia beharko lukeela izan, auskalokoa adierazteko! Haztegi publikoan gizenduta bulegoko putreen eskura utzi arteko auskalokotasuna. Ez dakit nik baikorra izateko tenorea ote den oraingoa, baina ezkor aktiboa izateko sikiera bai! Itzulia dugu hor, pikutara kolore laranja! Har dezagun horko giroa egoerari buelta emateko, Auskal-etik Euskal-era ekarri, itzuli, kopa batak zein besteak altxatua izan arren.