GARA Euskal Herriko egunkaria

Txertoen gainean Lakuak eman dituen datuak gezurtatu dituzte


Lakuako Gobernuak, iragan ostiralean iragarritakoaren bidetik, atzo esan zuen «80 urtetik gorako pertsonen kolektibo osoaren txertaketa amaitu» dela, lehen dosiari dagokionez, eta txertoa etxean hartu behar duten pertsonak bakarrik falta direla txertatzeko adin tarte horretan.

Halaber, egunkari honek jakin duenez, oraindik ere badira 80 urte edo gehiago izanda txertoa jaso gabe jarraitzen duten hainbat lagun. Horietako batek GARAri azaldu dionez, berari datorren astelehenean, apirilaren 19an, eman diote lehen dosia jartzeko hitzordua, nahiz eta 80 urte dituen, eta bere inguruko zenbait lagun ere antzeko egoeran daude, horien artean 89 urte dituen emakume bat. «79 urtetik beherakoekin hasi dira, baina oraindik bagaude hortik gorakoak txertoa jaso gabe», aipatu zuen pertsona horrek, gaineratuz berak «jende guztiak lehenbailehen txertoa jasotzea» nahi duela, eta, hitzordua izanda, egokitzen zaionean joango dela, baina eskatu du «gutxienez ez dezatela gezurrik esan».

Pertsona horrek, gainera, deitoratu du berari inork ez diola deitu edo mezurik igorri txertoa jasotzeko hitzordua jartzeko. Hau da, berak joan behar izan du herriko osasun zentrora beren-beregi horretarako. Berarekin kontaktuan ez jartzeagatik azalpenik ez diote eman.

75 urtetik gorakoei, mezua

Osakidetzak atzo zabaldutako txostenaren arabera, orain arte 80 urtetik gorako biztanleen %93,8k jaso dute lehen dosia, eta %31,9k bigarrena. Datozen egunetan, berriz, 70 eta 79 urte bitartekoen immunizazioarekin jarraituko du prozesuak.

Horiek horrela, Osasun Sailak atzo arratsaldean iragarri zuen SMSak bidaliko dizkiela adin tarte horretako herritarrei bere web orrialdearen bidez txertoaren lehen dosia zer egunetan eta ordutan hartuko duten aukeratzeko. Web bidezko hitzordua, 1942an eta 1943an jaio (79 eta 78 urte) eta iragan asteburuan, dosiak amaitu zirela eta, hitzordua jasotzerik izan ez zuten pertsonentzako irekita dago. Gainera, 1944tik 1946ko bitartean jaiotakoei (77, 76 eta 75 urte) ere zabaldu zaie izena emateko aukera.

Arrisku oso handiko taldeak

Bestetik, Iruñeko Gobernuak adierazi zuenez, herrialde horretan atzo abiatu zuten «covid-19 gaixotasuna era larrian izateko arrisku oso handia» duten pertsonen txertaketa.

Nafarroan bost mila lagun inguru daude, transplanteak jaso dituztelako, tratamendu onkologikoren bat dutelako, hemodialisia jasotzen dutelako, Downen sindromea dutelako, edo beste arrazoiren bat dela-eta, koronabirusarekin kutsatuz gero gaitza modu larrian garatzeko aukera handiak dituztenak, eta horiek ere ahalik eta azkarren immunizatzeko xedez, txertaketa hasi dute Iruñean eta Tuteran, eta laster beste eskualdeetara zabalduko dute prozesua.

Horiekin batera, 70-79 eta 60-65 adin tarteetako biztanleen txanda izango da aste honetan. 80 urtetik gorakoen tartean, dagoeneko %94,7k jaso dute lehen dosia, eta %52,8k bigarrena.