100.000 HILDAKO ETA ZIU-AK GAINEZKA ESTATU FRANTSESEAN

Egoera pandemikoa oso larria da Estatu frantsesean, eta horren adibide da iragan ostegunean koronabirusak eragindako 100.000 hildakoen langa igaro izana. Egia esan, horiek datu ofizialak dira, baina heriotza ziurtagiriei begiratuta, litekeena da zenbakiak altuagoak izatea.

Bilakaera, gainera, ez da batere ona, eta ia 6.000 lagun daude zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko olatuko unerik zailenetan baino mila gehiago.

Koronabirusaren krisia sortu aurretik Estatu osoko osasun-sistemak 5.000 ohe zituen gaixo larrienak artatzeko, baina salbuespenezko egoera honetan baliabideak biderkatu eta ezohiko neurriak hartu dituzte.

Horien artean, gaixoak ZIUak gainezka dituen Parisetik egoera hain muturrekoa ez den lekuetara eramatea, horretarako, besteren artean, abiadura handiko trena edo hegazkinak erabiliz. Dena den, ospitaleetako egoera oraindik okertuko delakoan daude adituak, eta, beraz, litekeena da duela aste batzuk Biarritzen ateratako argazki honen antzekoak ikustea datozen egunetan.

Mehdi FEDOUACH | AFP